Xua Gurasoekin Etxera

"Zorionak zuri abestuko diogu Xuari!" igandean Donostiako Atanon, haur motxiladunen aldeko ekitaldian

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 16a, 11:08
Igandeko "Motxilak gora!" ikuskizuna aurkezteko Sarek goizean egin duen agerraldia. Argazkiaren egilea: Sare.

Xuak 3 urte beteko ditu igande honetan (urtarrilak 19). Azken orduko aldaketarik ez bada, jada aske behar zuten arren, gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean dituen guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi eta urrunduko dute. Bi hitzordu deitu dira hilaren 19rako; "Motxilak gora!" ikuskizuna Donostiako Atanon goizean, eta arratsaldean, elkarretaratze berezia Usurbilen. Sarek goizean agerraldia egin du Atanon bertan, ikuskizunerako gonbita luzatuz.

"Zorionak zuri abestuko diogu Xuari", aurreratu dute igande goizeko (urtarrilak 19) 11:30etan Donostiako Atanon deitu duten ikuskizuneko antolatzaileek. Agerraldian parte hartu dute besteak beste, Porrotxek, Maider Zabalegi abeslariak edota zenbait herritarrek. Ohi denez poztasunez ospatzeko izaten den urtebetetze egunak Xuarentzat osagai berezi bat izango du.

Jaio zenetik Valentziako Picassenteko espetxean duen Olatz Lasagabaster amarekin bizi izan da. Espetxe berean den Patxi Uranga aitari baimendu izan diotenean baino ezin izan du ikusi. Igande honetan ordea, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak izan eta aspaldi kalean behar zuten gurasoengandik bereiziko dute Xua. "Ezingo du amarekin bizitzen segi. Igandetik aurrera, haur motxiladuna izango da Xua eta gurasoekin hileroko bisitetan baino ezingo du egon. Horretarako gainera, 600 kilometroko bidaia egin beharko du Usurbildik Valentziako Picassenteraino. Bidaia luzea, arriskutsua, aspergarria eta garestia". 

Egoera honetan, igandean Xua bere hirugarren urtebetetzeagatik zoriontzearekin batera, "Olatzek eta Patxik Xuarekin Usurbila itzuli behar duela" ere aldarrikatuko dugu. Gogorarazi baitute, Xuaren gurasoek espetxealdiaren hiru laurdenak beteak dituzte eta egungo Espainiako legedia kontuan izanda, baldintzapeko askatasuna aplikatu beharko litzaieke. "Errealitate hau egingarria da, baina horretarako, euskal presoei salbuespenezko legedia aplikatua izateko lanean jarraitu beharra dugu".

Guraso bat edo biak espetxean dituen 102 adin txikiko daude egun. "Haurrok duten motxilako pisua kentzeko garaia dela argi dugu". Horretarako ezinbestekotzat jotzen dute, euskal presoak euskal herriratzea. Baita euskal preso gehienei aplikatzen zaien lehen gradua etetea, horrek espetxetik irteteko baimenak jasotzea eragozten baitie. 

ONdorioz, "haur motxiladunei inoiz beren gurasoak etxean izateko esperantzarako eskubidea ukatzen zaie. Bada egoera irauli eta etxerako bidea ikusteko garaia". 

Ikuskizunaren xehetasunak
Horretarako iganderako antolatu duten "Motxilak gora!" ikuskizunera gerturatzeko gonbita luzatu dute. "Haurrok merezi duten etorkizuna izan dezaten, motxilak gora botako ditugu!" Denetariko dantza, magia, musikaz gozatzeko aukera izango da. Sarrerak sare.eus bidez erosi daitezke aurrez. Lehenago agortzen ez badira, igandean bertan ere salgai izango dira Atano frontoian. 

Elkarretaratze berezia Usurbilen
Igande goizeko Donostiako ikuskizunaren ondotik, iluntzeko 19:00etan elkarretaratze berezia deitu du Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak Usurbilen. Eguzkitzako (Aliprox ondoko) errotondan hain zuzen. Bertan, herri ekimenak azken hilabeteotan bildutako atxikimenduak bistaratu nahi ditu, Xua gurasoengandik bereiziko duten egun horretan ere hiruren etxeratzea galdegitearekin batera.

XUA GURASOEKIN ETXERATZEKO DATOZEN DEIALDIAK
Urtarrilak 19, igandea
11:30 “Motxilak gora!” ikuskizuna Donostiako Atano pilotalekuan. Sarrerak: 6 euro aurrez, 8 euro egunean bertan. 0-2 urte artekoek doan. Sarrerak aurrez sare.eus bidez eskura daitezke.

19:00 “Xua Gurasoekin Etxera” aldarrira azken hilabeteotan bildutako atxikimenduak bistaratzeko elkarretaratze berezia Eguzkitzako errotondan (Aliprox saltoki ondokoan).

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 
Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.