Lan uzte partzialak iragarri ditu Michelingo langileen batzordeak

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 16a, 11:17
Michelingo langileek urte amaieran lantegi atarian eginiko elkarretaratzeetako bat. Argazkiaren egilea: LAB Michelin.

Urtarrila eta otsailerako iragarri ditu lan uzteok, bidegabetzat jotzen duten lan hitzarmena berritzeko enpresak eginiko eskaintzaren aurrean protesta egiteko. Lan hitzarmen duin bat adostea eskatzen dute.

Michelingo Langileen Batzordeak lan uzte partzialak iragarri ditu urtarrila eta otsailerako. Zehazkiago esanda, ordubeteko lan uzteak urtarrilaren 8, 15, 22 eta 29rako; eta zortzi ordukoak, otsailaren 5 eta 19rako. Urte amaieran ere mobilizatzen aritu ziren, eta protestarako deialdi berriak iragarri dituzte orain. Enpresari lan hitzarmena berritzeko egin duen eskaintza bidegabetzat jotzen du langileen batzordeak. Lantegiko egoera ekonomikoarekin eta inguruko hitzarmenen negoziazioaren errealitatearekin bat ez datorrela aurpegiratzen diote. 

Langileen batzordeak hainbat datu argigarri plazaratu ditu. Batetik, 2015-18 urte artean, urteko 200 milioi euro inguruko irabaziak izan ditu, 860 milioi eurotik gorakoak guztira. 2018an, %90eko ekoizpen gaitasuna izan zuen Michelinek. Garai zailetan gainera, langileak garai horietara egokitzeko borondatea erakutsi dutela ere gogorarazten du. 

Egungo egoerara ere nola heldu diren azaldu du Langileen Batzordeak. Sindikatu guztiak elkartzen dituen plataforma enpresarekin biltzen hasi zenetik, mahai negoziatzaileak 12 bilkura egin ostean, batzuen eta besteen posizionamenduak urrun omen daude eta "enpresak ez du negoziazioetarako inongo interesik agertzen". Adibide gisa aipatzen du langileen batzordeak, enpresako zuzendaritzak lehen bost bileretan ez zuela inolako proposamenik egin, eta langileen batzordeak osatu duen plataforma bateratuak eginiko planteamendu bakar bati ere ez ziola erantzun. Michelinek merkatuen egoera katastrofikoa dela azpimarratu baino ez omen du egin. 

Berriz biltzeko hitzordurik ez
Enpresak %2,5eko soldata igoera proposatzen die langileei hurrengo lau urteotarako, inolako bermerik edo berrikuspenerako aukerarik gabe, baita zortzi orduko lanaldia gehitzea bost taldea egiten duten lan sisteman eta "aurrerapen txikiak garrantzia gutxiko gai zehatzetan".

Urte zail hauetan bere konpromisoa agertu duen lan talde osoaren aurkako erasotzat jotzen dute lantegiak eginiko eskaintza. Egoera honetan, urte amaieran egin dutenaren bidetik segitzeko asmotan dira; hitzarmen duin bat izateko elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko borrokan. Ezinbestean gainera,  abenduaren 20an bildu baitziren azkenekoz lantegiko zuzendaritzarekin, eta ez dute finkatua hurrengo bilerarako hitzordua. Enpresari bere jarreraz hausnartzea eta mahai negoziatzailea biltzeko hitzordu berri bat finkatzea eskatzen diote, hitzarmen on bat izateko negoziatzen segitzeko.