Danbor hotsekin borobilduko dute astea gaur ikastetxeek

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 17a, 07:40

Donostiako danborradei aurre hartuko diete inguruotako ikastetxeek. Ohi baino tarte handiagoz gainera aurten. Zubietako Eskolak eta Udarregi Ikastolak ostiral honetan (hilak 17) ospatuko dituzte danborrada saioak, Aginagako Eskolak San Sebastian Egunez.

Danbor hotsak ate joka ditugu. Datorren astelehenean, ospatuko da San Sebastian Eguna. Ohi bezala, herriko ikastetxeek aurre hartzen diete Gipuzkoako hiriburuko danbor joleei. Bezperan, hilaren 19arekin ospatu izan dituzte danborrada saioak aurreko urteetan. Egutegia eskutan ordea ikusiko zenuten, urtarrilaren 19a igandez egokituko da aurten.

Honenbestez, erabaki ezberdinak hartu dituzte ikastetxeetan. Zubietako Eskolak eta Udarregi Ikastolak ostiral honetara (hilaren 17ra) aurreratu dituzte danborrada saioak. Aginagako Eskolak aldiz, San Sebastian egunez, urtarrilaren 20an ospatuko du. 

Ikastetxeetan
Udarregi Ikastolakoan, HH eta LH-ko ikasleek parte hartuko dute. Ikastolatik ohartarazi dutenez, "egunean bertan, ikasleak galtza bakeroekin edo urdinekin, goikoa txuriz eta koadrodun lepoko zapiarekin bidal itzazue". Entsegu saioetara danborrak eta makilak ikaslearen izen abizenak adierazita eramateko deia egin dute Udarregitik.

Ikastolako danborrada saioak Agerialdeko patioan ospatuko dituzte. Zubietako Eskolak aldiz, bertako frontoian. Eta Aginagakoek eskola barruan.

Ospakizun gehiago ate joka
Bi asteko oporraldian murgiltzear zirela, kantuan egin zioten harrera neguari ikastetxeek. Oporren bueltan, negu betean garen honetan ospakizun gehiago izango dituzte asteotan. Danborradekin batera, otsailean Santa Ageda bezpera eta inauteri festa. 

NEGUKO OSPAKIZUNAK IKASTETXEETAN
Urtarrilak 17, ostirala
15:45-16:00 
Zubietako Eskolako ikasleen danborrada saioa frontoian.
16:00 Udarregi Ikastolako HH eta LH-ko ikasleen danborrada saioa Agerialdeko patioan.

Urtarrilak 20, astelehena
15:30 
Aginagako Eskolakoen danborrada saioa eskolan.

Otsailak 4, asteartea
Santa Ageda bezperako ospakizunak ikastetxeetan.

Otsailak 21, ostirala
Inauterietako ospakizunak ikastetxeetan.