Prostituzioaren errealitate gordina hizpide izan du Amelia Tiganusek Sutegin

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 18a, 10:04

Kapitalismoak eta patriarkatuak bat egiten dutenean, gizartean desorekak sortzen direla jakina da: gizon aberatsak eta emakume pobreak, baina bada oraindik status gutxiago duenik: prostituta. Egoera horretatik abiatuz, Amelia Tiganusek lehen pertsonan azaldu ditu Espainia eta Euskal Herriko prostituzioaren errealitaterik ilunenak. 

Bost urtez prostituta izan ondoren, eta trata deritzoguna bizi ondoren, feminismoak lagundu dio Ameliari aurrera egiten eta bere egoeraz gain, hainbat eta hainbaten egoera ulertzen. Orain hitzaldiak ematen ditu egoeraz kontzientzia har dezan jendeak. Pornografiak dituen arriskuak ere azpimarratu ditu, eta batez ere, gazteen artean duen eraginaren ondorioz. Denetariko indarkeria iruditan hartuta, gazteek geroz eta behar handiagoa sentitzen dutela horiek bizitzeko, horixe esan du Tiganusek, eta  neska gazteak ere, geroz eta behartuago sentitzen direla mutilen "fantasia" horiek  betetzera. Etxean lortu ezin duten hori prostibuloetan bilatzen dutela ere esan du Tiganusek, denetariko indarkeria erabiliz prostitutekin. "Bortxaketa eta prostituzioaren artean dagoen alde bakarra, bilete bat da", adierazi du Tiganusek.

Bere esperientzian oinarritu du hitzaldia, bai eta inguruan izan dituen prostituten gainean ere. Atzerriko emakume pobrearen profila nabarmendu du prostibuloen errealitatearen aurpegian, eta nola hilabetean behin lekuz aldatzen dituzten leku eta pertsonei atxikitzeko aukerarik ez izateko. Hizlaria bezalaxe, errumaniar jatorriko prostituta asko daudela esan du Amelia Tiganusek, eta luxuzko bizitza eder baten gezurra saltzen dietela baieztatu du. Zaurgarritasunean oinarritutako sistema horren errealitate gordinaz mintzatu da Tiganus. Inoiz ordaintzera iritsiko ez diren zorra ordaindu eta bizimodua ateratzeko beste ere irabazten ez dutela 3-4 urte egiten omen dituzte prostitutek, eta gehiago "erabilgarri" ez direnean bota egiten dituztela salatu du hizlariak.

Sugar Daddy edo prostituta zoriontsuez ere hitz egin du hizlariak. Prostituzioaren aurpegi berriak daudela horren oinarrian esan du Tiganusek. Bertako prostituen eskaria geroz eta handiagoa dela, eta horri erantzuteko bertako prostitutak sortu eta erakartzeko beharrari atxikitu dizkio prostituta modelo berriok. "Lan" duin eta asebetetzailearen irudiaren atzean ezkutatutako prostituzio gordinaren apologia dela salatu du hizlariak. Prostituzioaren marketing estrategia berria da Tiganusen hitzetan.

Prostituzioarekin zer egin? Galdera hori utzi du airean Tiganusek, eta egun dauden ereduez mintzatu du. Abolizionistatz du bere burua Tiganusek, eta eredu horri jarraiki badirela herrialdeak, Suedia esaterako. Sistema ustelaren aurkako mugimendua da abolizionismoa, non botere indarrek agintzen duten prostituzioan.