Martxoaren 8ko ekimenak prestatzen hasteko lehen bilera irekia urtarrilaren 28an

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 11:05

"M8 egunero da" taldeak deitu du hitzordua urtarrilaren 28rako iluntzeko 19:00etan Potxoenean. Datorren Emakumeen Egunerako ekimenak antolatzeko proposamenak biltzen hasi nahi dute.

Iazko greba egun historikoren ostean, "M8 egunero da" taldeak datorren Martxoaren 8a prestatzen hasteko lanak abiarazi ditu. Emakumeen Eguneko ekimenak lotzen hasteko lehen bilera irekia deitu du hurrengo astearterako (hilak 28) 19:00etan Potxoenean. 

2019ko Martxoaren 8a historikoa izan zen Usurbilen. "Zorionak! Historia egiten ari gara!", zioen herriko mugimendu feministak egun hartan. Iaz, 24 orduko grebara deitu zituzten emakumeak. Mobilizazio eta ekimen historiko eta jendetsuak egin ziren herrian barrena. Ez zuen aurrekaririk eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Planto historikoa egin zuten Usurbilgo emakumeek. 

Datorren Martxoaren 8ra begirako ideiak biltzen hasteko garaia da orain. Hemen datorren astearterako deitu duten bilera irekiaren berri:

MARTXOAREN 8A PRESTATZEKO BILERA IREKIA
Eguna: urtarrilak 28, asteartea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Potxoenea.
Zehaztasunak: Martxoaren 8ko ekimenak antolatzeko, ideiak biltzeko bilera irekia deitu du "M8 egunero da" taldeak.
Deitzailea: M8 egunero da.

31. Lilatoirako izen ematea zabalik
Emakumeen Egunaren bueltan ospatzen den Donostiako 31. Lilatoirako izen ematea zabalik da jada. Martxoaren 1ean ospatuko da aurten. 10:30etan abiatuko da Bulebarretik. Usurbilgo hamarnaka emakumeren parte hartzea sustatzen duen hitzordurako izena otsailaren 20a baino lehen bideratu beharko da lilaton.es atarian, 11 euroren truke.