600 partaide bilduko dituen Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako dortsalak larunbatetik aurrera eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 24a, 07:09

Igandeko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izena emanda zaudeten 600 lagunok adi; dortsalak probaren bezperan, larunbat arratsaldez 17:00-19:00 artean jaso ahalko dituzue Sutegin. Baita igande goizean ere, 8:45ak baino lehen, “eta mailota zenbait kasutan”, antolakuntzak ohartarazi duenez. Ekimenak arrakasta itzela izan du aurtengoan. 600 lagunek eman dute izena urtarrilaren 26an ospatuko den Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probarako. Iragarri zuen moduan, kopuru honetara helduta antolakuntzak itxi egin du inskripzio epea. Aholku sorta plazaratu du parte hartzaile guztiontzat, mendi bizikleta gainean osatu beharko duten zeharkaldirako.

600 izen emate
600 izen emateetara heldu dira ostegun goiz honetan, eta aurrez iragarria zuen moduan, 600 inskripzio bilduta apuntatzeko aukera ixtea erabaki du urtarrilaren 26an ospatuko den Irisasi BTT Hotzak probaren antolakuntzak. Honenbestez, ezingo da kirolprobak.com atarian izena eman, ezta proba egunean bertan ere. "600 partaide 2020ko Irisasian. Mila esker guztioi! Izen-emateak itxita daude eta probaren egunean ere ez dugu partaide gehiagorik hartuko. Barkatu eragozpenak".  

Antolakuntzaren ohar sorta

-Parkinga Oiardo Kiroldegian kokatuko da.
-Derrigorrezkoa izango da Sutegiko bulegoan dortsala jaso eta kaskoa janztea. Komunak ere bertan aurkituko dituzue.
-Ez sartu bizikletak dortsalak jasotzeko bulegoan.
-Irteera ordua: urtarrilaren 26an 9.00etan, 15 minutu lehenago prest egotea komeni da.
-"Ibilbidean zehar hainbat luzapen egokitu dugu. Gogortasuna, neurri handi batean, zure sasoiak jarriko du. Zeuren aukeratu: motzena 22km 600+// Luzeena 34km 1150+.
-Laguntzaileak izango dituzue ibilbide osoan zehar laguntzeko prest.
-Istripu edo larrialdi kasuan, DYAren 943464622 telefono zenbakira deitu.
-Zeharkaldia bukatutakoan zozketako opariak jasotzeko aukera izango duzu.
-IRISASI BTT proba herrikoiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa den eta kudeatzen duen “Irisasi” Herri Onurako mendiaren bide eta gune naturalak zeharkatzen ditu. Beraz, errespetatu beti antolakuntzak ezarritako eta balizatutako ibilbidea, bertatik atera gabe.
-Bizikletak garbitzeko mangerak 2 lekutan izango dituzu eskura, Kiroldegitik gertu. Txukuna izan eta kontuan izan jende gehiago dagoela zain.
-Dutxatzeko aukera izango duzu Kiroldegian. Adi! 14.30etan itxiko dute! Ez zaitez bertan sartu botak jantzita.
-Eta, batez ere, ondo-ondo pasa.


Bi ibilbide
Hilaren 26an, goizeko 9:00etan abiatuko dira parte hartzaileak. Bi ibilbide izango dira aukeran; motza, 21,15 kilometrokoa, 586 metroko desnibelekoa. Ibilbide luzea bestetik, 33,68 kilometrokoa, 1.143 metroko desnibelarekin. “Motzean du oinarria baina lau luzapen izango ditu. Norberak aukeratu beharko du zein egin, kilometro, aldapa, zailtasun eta neke gehiago pilatzeko…”, antolakuntzaren esanetan.

Facebook bidez jaso dezakezue antolakuntzaren berri gehiago, “Irisasi BTT Hotzak Akabatzen 2020” orrialdean.