Antolakuntza oso pozik, parte hartze marka hautsi duen Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarekin

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 27a, 14:50

Bederatzigarren edizio arrakastatsua ahalbideratu dutenei eskerrak helarazi eta igandeko probaren inguruko balantze ezin gozoagoa plazaratu du antolakuntzak.

"Zuen ezinbesteko laguntzari esker izan da posible hau guztia antolatzea", adierazi du Irisasi BTT taldeak. Pozarren agertu da, igandeko zeharkaldiak izan duen harrerarekin. Parte hartze marka guztiak hautsi ditu Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimenaren bederatzigarren edizioak. "600 lagun inguruk hartu zuten parte, inoizko parte hartzerik handiena", antolakuntzak nabarmendu duenez. 

Pozik dira baita proba eguna nola ospatu zen ikusita. "Eguna bikain joan zen eta ibilbidean izan zen lokatz ugariak parte hartzaileak ongi nekarazi zituen. Baina orokorrean denek oso pozik bukatu zuten ibilbidea, amaieran hamaiketako eder batekin eta hainbat opariren zozketarekin", antolatzaileen esanetan.

Balantzea beraz ezin gozoagoa, proba prestatu dutenentzat. "Parte hartzaileak orokorrean gustura eta antolatze lanetan aritu garenok oso pozik izandako emaitzarekin". 

Irisasi BTT-k sare sozialen bidez iragarri duenez, "hemendik aurrera egun batzuk hartuko ditugu proba behin betiko bukatzeko, argazkiak igotzeko eta atseden hartzeko. Hala ere, edozein gauza edo zalantza argitu nahi izanez gero, irisasibtt@gmail.com helbidean aurkituko gaituzue”, ohartarazi du antolakuntzak sare sozialen bidez".