MATRIKULAZIO GARAIA

Mariaje Imaz: “Helburua da pertsona konpetenteak eta sendoak heztea”

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 11:36

Ikastolako espazioak berrikusi eta Haur Eskolaren kontratua berritu. Horiek dira etorkizun hurbilean Udarregik dituen erronka nagusiak. 

NOAUA! Etorkizunari begira, zeintzuk dira Udarregi ikastolak dituen erronka nagusiak?

Mariaje Imaz: Ikastolako espazioetan egin behar diren eskuhartze horiek egiten jarraituko dugu. Bestetik, Haur Eskolaren esleipena hor dago. Kudeatzen ari garen esleipena 2008koa da eta 12+1 urterako egin zen. Epe-muga horretara hurbiltzen ari gara eta dagoeneko bagabiltza Udalarekin hizketan.

Gainontzean, herriarekin elkarlanean jarraitu nahi dugu, irekitzen diren prozesu partehartzaileetan gure esku dagoena eginez. Euskaraldia eta antzeko egitasmoetan hartuko dugu parte; atzerritik datozen familien harrera planei segida eman; inklusibotasunean sakondu...

Usurbilgo herritarren hezkuntza beharrak asetzen lagundu nahi dugu. Helburua da pertsona konpetenteak eta sendoak heztea, bizitzako erronkei ekiteko prest egongo direnak. Finean, beren herriari, jendarteari, munduari, ekarpenak egingo dizkioten euskaldunak hezi nahi ditugu.