Argia Sarien banaketa ostiralean Atxegan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 09:55

Euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren sariketa ekitaldia Usurbilen ospatuko dute aurten ere; 2020ko Argia Sariak Atxega Jauregian banatuko dituzte ostiral honetan bertan, urtarrilaren 31n.

Urte hasierarekin batera hutsik egiten ez duen hitzordua bueltan datorkigu; Argia Sariak. Azken urteon ildotik, 2020ko edizioa ere Usurbilen ospatuko da, Atxega Jauregian. "Urtero moduan euskarazko kazetaritza eta komunikazioa sarituko ditugu honako ataletan: prentsa saria, kanpaina, irratia, ikus-entzunezkoak eta internet", zehaztu du Argiak. Sariokin batera, "hainbatetan, halaber, Merezimenduzko saria ere banatzen dugu, euskal kulturan edo euskal gizartean nabarmendutako pertsona, lan edo proiektua. Saritu daitezke lan zehatzak, saioak, sekzioak, hedabideak, pertsonak, proiektuak…".

Sarituen hautaketa lana ez da batere erraza. "Zer edo nor sarituko dugu, ordea? Zorionez, gero eta gehiago dago saritzeko eta gero eta korapilotsuagoa da hautaketa egokia egitea", Argiakoen esanetan. Horregatik kolaboratzaile nahiz irakurleei hautagaiak proposatzeko gonbita luzatua dute. "Garrantzitsua da hautagaia aipatzea, jakina, baina are garrantzitsuagoa da argudiatzea zergatik sarituko zenukeen", ohartarazi dute. Proposamenak bidaltzeko helbide hau zabaldu dute: jtorner@argia.eus

31. edizioa izango dute aurtengoa Argia Sariek. Iazko ospakizunak bi urtemuga berezi batu zituen; batetik sariketa honetan 30. urteurrena eta Argia aldizkariaren mendeurrena. Gogora ditzagun nortzuk izan ziren iazko sarituak:

2019ko SARITUAK
Prentsa idatzia:
Gari Garaialde fotokazetaria, migrazioaren errealitatea ikusarazteko argitaraturiko lanengatik. 

Ikus-entzunezko saria: Askekintza Elkartearen "Gurean" dokumentala.

Irratia: Juan Carlos Etxegoien Juanarena "Xamar” (‘Euskara Jendea’ irratsaioagatik, Bilbo Hiria irratian).

Internet: Berria egunkariaren indarkeria matxistaren biktimen mapa.

Sustapen ekintza: Altsasuko Gurasoak.

Merezimenduzko bi sari: Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia, 100. urteurrenagatik.

Argazkiaren egilea: ARGIA.