Usurbilgo EAJ-k ez du urtarrilaren 30eko greba babestuko

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 16:54

“Greba egiteko eskubidea errespetatzen dugu. Modu berean, ez egitea erabakitzen dutenen eskubideak ere errespetatzea exijitzen dugu”, azaldu du talde jeltzaleak ohar bidez. 

Urtarrilaren 30erako deitua izan den greba orokorrarekin ez dator bat Usurbilgo udaleko talde jeltzalea. Hortaz, biharko plenoan aurkeztuko den mozioaren aurrean, euren bozka ezezkoa izango dela aurreratu dute zinegotzi jeltzaleek.

 

Espainiako gobernuaren eskumena

“Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpen proposamenak zuzenki eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari gutxieneko pentsioak eta gutxieneko soldatak ezartzeko neurriak hartzera eta hori gaur egun Espainiako gobernuaren eskumena da", dio Usurbilgo talde jeltzaleak. "Beraz, hemen ez du aplikagarritasun juridikorik. Beste gauza bat da  errealitate hori aldatzea, eta horretan ari gara Estatu mailako erakundeetan ditugun ordezkarien eskutik", dio Josune Urkola EAJko zinegotziak. "Are gehiago, EAJ alderdia izan da estatu osoko pentsiodun guztientzat azken igoera proposatu, aurrekontuetan islatu eta gauzatzea lortu duen alderdia”.

EAJren ustez, zenbat eta autogobernu maila handiagoa lortu, orduan eta ongizate ekonomiko eta sozial handiagoa izango dugu. “Beraz, etxea bere zimenduetatik eraikitzeko xedearekin eta etorkizunean ezeri uko egin gabe, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu Gernikako Estatutua betez Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa transferitu diezagula”. Eskumena lortzen denean, "ez daukagu inolako zalantzarik, eragile sozialek, ordezkari politiko eta sindikalek, eta euskal gizarteak oro har, jakingo duela akordioak lortzen euskal herritar guztientzat bizi-kalitatea duina bermatzeko eta hobetzen jarraitzeko“.

 

Pedro Sanchezekin adosturiko akordioa

Greba ez babesteko garaian, EAJ-k badu beste arrazoi bat. Espainiako gobernu berriarekin aukera bat ireki dela uste du. “Pedro Sanchezen inbestidurari gure baiezkoa emateko PSOErekin lortu dugun akordioak, bere 3. puntuan, oraindik egiteke dauden estatutu-eskumen guztien eskualdatzea zehazten du. PSOEk alderdi jeltzalearekin hartutako konpromisoa betetzen badu, 79ko Gernikako Estatutua erabat betetzea lortuko dugu. Besteak beste, Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoari dagokion eskumen-onarpena ahalbidetuko luke: ezinbesteko tresna pertsona guztien bizi-kalitatea bermatuko duten gizarte-babeseko politikak hobeto garatzeko”.