Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Grebarako hamaika arrazoi, eragileen esanetan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 29a, 09:23
Buruntzaldea mailako solasaldian parte hartu zuten eragileen ordezkariak.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du urtarrilaren 30eko greba orokorra. Euskal gehiengo sindikala dago bertan; ELA, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, ETXALDE, EHNE. Eta eragile anitz: pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Sarea… Eragile sare honetako Buruntzaldea mailako ordezkaritza bat Hernanin bildu zuten joan den astean. Greba zergatik eta zertarako egin hausnartu zuten. Ondorio argira heldu ziren; hamaika arrazoi eta gehiago daude.

ELA
Eskubideen galera ukaezina eta grebaren balioa nabarmentzen zituen grebaren arrazoi gisa. Grebaren bidez urte luzez lortutako aldarrikapenak goraipatu zituen. Azken urteotako mugimendu feministaren eta pentsiodunen mobilizazioen esperientziek eginiko ekarpena. Grebaren helburua, gobernuak interpelatzea litzateke, plan alternatiboak mahai gainean jarrita. “Gure eskubide guztiak aldarrikatu eta mahai gainean jartzeko ordua da”, ELAren esanetan.

LAB
Madriletik datozen murrizketei horma bat jarri, eta subiranotasunaren alde Euskal Herrian dauden “su txikiak” metatzeko garaia dela nabarmendu zuen LAB-ek. “Hau ez da greba defentsiboa, ofentsiboa baizik”, gogorarazi zuen. Azkeneko 2013ko greba orokorrak utzitako arrastoa gogorarazi zuen, testuinguru hartan landu eta idatzi baitzen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, ostegun honetako grebaren sustatzailea, “biharko euskal estatuaren konstituzioaren oinarria”. Argi zioen etorkizunera begira “estatu propioa lortzen dugu, edo buklean segiko dugu”.

Ernai
Grebarako hiru arrazoi nabarmendu zituen gazte mugimenduak: prekarizazioaren larritasuna, aktibazio sozial ezberdinak batu beharra eta independentzia alternatiboan sakontzea, “espainiar eta frantziar estatuen inboluzioaren aurrean”. Eskubide Sozialen Kartarekin bat egiteaz gain, bereziki sistema kapitalistak gehien kolpaturiko gazte, emakume eta etorkinen bizi egoerak duintzeko haratago joan eta neurriak hartzeko beharra azpimarratu zuen Ernaik. Gazteei dagokienez, pobreziari aurre egiteko eta emantzipazio neurriak, edota zerbitzu publikoak indartzea.

Koordinatzaile feminista
Prekarietate, indarkeria matxista eta hetero araurik gabeko gizartea eratu eta arrazakeriaren, gerraren eta kolonialismoaren kontra manifestatzeko beharrezkoa iruditzen zaio Koordinatzaile Feministari osteguneko greba. Deialdi honetara martxoaren 8ko eredua ekarri nahi dela gogorazi zuen: “amantalak balkoietan, deialdietan gure presentzia bermatzea, zainketa lanak kolektibizatzea”… Bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozialera aldatu behar gara mugimendu feministaren esanetan eta urratsak eman; lanak denon artean banatu, bizimodu sostengarria berrantolatzea, “pertsona guztiok eginiko ekarpenak kontuan hartuta”.

Pentsiodunak
“Soldata miserableak, kontratu zaborrak… Gure ondorengoak zarete hori guztia ordainduko duzuenak”, ohartarazi zuen pentsiodunen mugimenduko kide batek. Greba deialdiari ongi etorria egitearekin batera gaineratu zuenez, “gaiak denoi eragiten digu. Beharrezkoa da. Pentsiodunok babestuko dugu”.