Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Hamaika arrazoi eta aldarri gehiago grebarako

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 29a, 09:14

Lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko osteguneko greba orokorreko arrazoiak hamaika badira, asko gehiago betetzea eskatzen diren aldarriak. Deitzaileek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biltzen duen euskal gehiengo sindikal eta eremu anitzetako hamarnaka eragileek zerrendatuak dituzte. Hemen laburturik, aldarrion zerrenda luzea:

-Erretiroa 65 urterekin eta erretiro aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero.
-Erretiro adina jaisteko aukera sektore berrietara hedatzea, bereziki nekagarri eta arriskutsuak direnetara.
-Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontuan.
-Pentsioen eros-ahalmena bermatzea, KPIaren pareko igoera gutxienez.
-1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
-Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozial eta zergen bidez.
-Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea.  Lan egun bakoitza, kotizatutako egun bat izatea.
-Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea.
-Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa estatu mailako hitzarmenen gainetik lehenestea.
-Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.
-Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea.
-Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea.
-Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata.
-Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan emandako iruzurra zigortzea.
-Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu gabe.
-Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
-Azpikontratatutako enpleguan subrogaziorako eskubidea bermatzea.
-Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
-Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
-Kontratazioan prekarizazio-formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa…).
-Klausula sozialak ezartzea administrazioko azpikontratetan.
-Lanera bizirik itzultzeko eskubidea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunakoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunaren aurkako ekintza plan zorrotz bat ezartzea.
-Etxeko eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea.
-Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea.
-Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Errenta Bermatua %100ean parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta azken hori %50eko igotzea bi pertsonak osatutako ohiko unitateetan, eta beste %50 igotzea 3 pertsona edo gehiagoko unitateetan.
-Alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legez bermatzea, EHko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak ezarritako baldintzetan.
-Euskal Herriko langileek eskubidea izatea pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko modurik onena erabakitzeko.
-Lan-harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea, kanpoko esku-hartzerik gabe.
-EAEko eta Nafarroako instituzioei dei egiten diegu euren erantzukizunak onartu eta bide horretan aurrera egiteko neurriak har ditzaten, gisa honetako ekimenekin:
1-Gutxieneko pentsioa legez 1.080 euro arte osatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bidez.
2-Enplegu publikoari dagokionean (zuzenekoa nahiz azpikontratatua): 1.200 euroko gutxieneko soldata 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea; gutxienez herrialdeko hitzarmen sektoriala aplikatzen dela bermatzea, baita beste klausula sozial batzuk ere.
3-Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Heri Ekimen Legegilea onartzea.
4-Lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako Lege bat onartzea.

Halaber, EAEko eta Nafarroako patronalei eskatzen diegu lan-baldintzak prekarizatzeari utzi eta idatzi honetan jasotako aldarrikapen laboralei erantzuteko.