Xua Gurasoekin Etxera

Xuari urtebetetze zoriontsua opatzeko elkarretaratze berezia 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 31a, 10:26

Euskal presoen etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea izango da hilero azken ostiraletan egiten den moduan, urtarrilaren 31n iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Xuak 3 urte bete eta gurasoengandik bereizi osteko lehenengo azken ostirala izango da. Urtebetetze zoriontsua opatzeko mobilizazio berezia izango da gaurkoa.

Mugimendu gehiago Xua eta gurasoen familian. Urtarrilaren 19an 3 urte bete zituen haur usurbildarra gurasoengandik bereizi zuten, jaio zenez geroztik amarekin bizi izan eta baimentzen ziotenean aitaren bisitak jasotzen aritu ostean. Aipatu moduan ordea, Espainiako legediak behartuta, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada baldintzapean aske egon behar izan baina oraindik orain sorterritik 600 kilometrora dagoen Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak segitzen duten Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi zuten Xua duela bi igande.

Egun hartan Usurbilen egin zen elkarretaratze berezian, "zaintza epaileak espetxetik egun batzuk ateratzeko baimena ukatu die Olatzi eta Patxiri, nahiz eta bigarren graduan izanik, horretarako eskubidea izan baduten”, berri eman zuen Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak. 

Valentziatik Madrilera
Xua gurasoengandik bereizi eta egun gutxira hedabideek Olatz eta Patxi espetxez aldatuko dituztela berri eman zuten. Espetxe Zuzendaritzak Olatz eta Patxi Valentziako Picassentetik Madrilgo Aranjuezeko kartzelara lekuz aldatzea erabaki zuela, bestelako xehetasunik eman gabe, nahiz "ume txiki bat dutela nabarmentzen duten”.

Olatz Lasagabasterrek espetxe kide izan zuen Sara Majarenas donostiarraren kasuan ere berdin jokatu zuen bere garaian, lekualdaketa bera bideratu zuen Espetxe Zuzendaritzak. Leku aldaketa horretan, espetxe horren menpeko etxe batera eraman zituzten Sara eta alaba Izar, espetxealdia amaitu artean batera egon zitezen. 

Ez da lehen leku aldaketa
2018ko urtarrilean, Xua urtea betetzear zela amona Mari Karmen Anzak NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketan oroitzen zuen moduan, iragarritako espetxe aldaketa hau gauzatuko balitz, ez litzateke Olatzek eta Patxik 10 urteotan bizi izandako lehenengoa. Espetxe aldaketa gehiago izan dituzte azken hamarkadan. 2009ko ekainean atxilotu zituztenetik 2018ko urtarrilera Anzak kalkulatzen zuenez, ordurako 280.000 kilometro eginak zituen espetxean dituen senideak bisitatzeko joan etorrietan. "Lehenbizi Avila eta Madrilera, gero Alacantera, Avilara berriz… eta orain Valentziara", oroitzen zion Anzak NOAUA!ri. Garai batzuetan espetxe ezberdinetan izan dira Olatz eta Patxi, bateratuak beste uneetan. Xua jaio zenetik espetxe berean dira, Valentziako Piccasenten, modulu ezberdinetan ordea. 

HURRENGO DEIALDIAK
Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Urtarrileko azken ostiraleko euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Mobilizazio berezia izango da.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.