Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Eskubideak irabazteko bide bakarra mobilizatzea dela goraipatu zuten, Buruntzaldeko manifestazio jendetsuan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 30a, 21:02

"Borroka da bide bakarra!", gehien entzun zen aldarrietako bat, lan, bizi eta pentsio duinen aldeko greba orokorra eskualde mailan borobildu zuen Hernaniko manifestazioan. Mobilizazio historiko bezain jendetsua izan zen. Tartean ziren usurbildar ugari ere.

Manifestazio historiko eta jendetsua bart Hernanin. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak lan, pentsio eta bizi duinen alde atzorako deitutako greba orokorra borobildu zuen eskualde mailako manifestazioak. Udalerria zeharkatu zuen mobilizazioan usurbildar ugari batu ziren. Adin, herri eta errealitate ezberdinetako jende anitz. Mobilizazioan, lan, pentsio eta bizi duinak defendatzeko aldarriak, baita dagozkigun eskubideak erdiesteko bide bakarra borroka dela goraipatzen zuten aldarriak etengabe entzun ziren.

Udaletxe atarian amaitu zuten mobilizazioan, hitzetatik ekintzetara igarotzeko ordua zela gogorarazi zuten. Historikotzat jo zuten, eskubide sozialak, lan eskubideak eta pentsio publiko duinak aldarrikatu eta euskal gehiengo sindikalarekin batera eremu anitzetako pertsona, kolektibo eta eragileak (mugimendu feminista, ekologista, pentsiodunena, gazteena, gizarte bazterkeriaren aurkako plataformak...) elkartu zituen greba eguna. "Batera goaz" nabarmendu zuten.

Eskubide hauetako batzuk gaur bertan gauzatu daitezkeela gogorarazi zuten, beti ere borondatea egon baldin badago. Beste batzuek aldiz, ohartarazi zutenez, "marko politiko berri bat eskatzen dute", burujabetza marko berri bat hain zuzen. Lan eta bizi baldintza duinei buruzko erabakitze eskubidea eskatu zuten herritarrentzat. Eta horretara heltzeko bide bakarra zein den gogorarazi zuten; atzoko greba orokorrekoa. "Badakigu gure eskubideak irabazteko bide bakarra dagoela; mobilizazioa eta borroka".

Bide horretan sakontzen segitzeko asmoa agertu zuten. "Bada, gaur bezala, eutsi egingo diogu gure eskubideen aldeko borrokari, gure eta datozen belaunaldien eskubideen alde".