LAB kritiko, gaur sinatu duten Michelingo lan hitzarmenarekin

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 7a, 15:17
Michelingo langileek urtarrilean enpresa atarian egindako lan uztea.

Hitzarmen bana sinatu dute gaur zenbait sindikatuek eta enpresak; bat hemengo plantan bertako lantegirako eta bestea Valladoliden, estatuko gainerako lantegietarako. LAB aurka agertu da.

Hilabeteak zeramatzaten Michelingo langileak lan hitzarmen duin bat eskatzen eta hitzarmen hori negoziatzera eseri zedila enpresari galdegiten. Udazkenaz geroztik mobilizazioak eta ordubeteko lan uzteak egin dituzte urtarrila amaiera bitarte. Otsailerako zortzi orduko bi lan uzte egun ere iragarriak zituzten.

Gaur berri eman dutenez ordea, lan hitzarmena sinatu dute zenbait sindikatuek eta enpresak. LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, "argi eta garbi baztertzen du enpresa eta CCOO, UGT, CSI eta USOren artean Lasarte eta Gasteizko lantegientzat adostutako baldintzak ezartzea, egun dagoen prekarietateari eusten diotelako eta murrizketa berriak ere jasotzen dituztelako".

Langileek eskatzen zituzten zenbait baldintza ez direla betetzen salatu du LAB-ek. "Salatu nahi dugu ez dela inolako soldata-igoerarik jasotzen 2019rako eta jardunaldia luzatu egingo dela (5x8 sistemarako), onartezina iruditzen zaiguna". Gainera, "funtsezko hobekuntzarik ere ez dago lantegietan bizi den malgutasun basatian, ezta lan-osasunean, berdintasunean edo esparru sozialean ere".

Langileen lan-baldintzak hobetzen segi asmoz
Urtebete igarota aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzea jasotzen du hitzarmenak, baina LAB-en esanetan, "gogoratu beharra dugu hau legeak zehazten duena betetzea baino ez dela. Hala ere, ez du sartu berrientzako soldata-eskala bikoitza bertan behera geratzea, aurreko hitzarmenean CCOO, UGT, CSI eta USOk onartu zutena".

LAB gaur sinaturiko hitzarmenaren aurka agertzeaz gain, "bere apostua da langileak izatea protagonista euren lan-baldintzen aldeko borrokan. LABek lanean jarraituko du langile guztien lan-baldintzak hobetzeko", iragarri du.

Erlazionatuak