Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko bilera irekia 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 11a, 07:21

Emakumeen Egunari lotutako hitzorduak prestatzeko hirugarren bilera irekia deitu du "M8 egunero da" taldeak astearte honetarako, otsailak 11, 19:00etan Potxoenean

"M8 egunero da" taldea prestaketa lanetan murgildua dabil urtarrila amaieraz geroztik. Martxoaren 8ko ekimenak prestatzeko bi bilera ireki egin dituzte azken hamabostaldian. Astearte honetarako deitu dute hirugarren saioa, otsailaren 10ean 19:00etan Potxoenean.

Iazko greba egun historikoren ostean datoz prestaketa lanok. 2019ko Martxoaren 8a historikoa izan zen Usurbilen. "Zorionak! Historia egiten ari gara!", zioen herriko mugimendu feministak egun hartan. Iaz, 24 orduko grebara deitu zituzten emakumeak. Mobilizazio eta ekimen historiko eta jendetsuak egin ziren herrian barrena. Ez zuen aurrekaririk eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Planto historikoa egin zuten Usurbilgo emakumeek. 

MARTXOAREN 8A PRESTATZEKO BILERA IREKIA
Eguna: otsailak 11, asteartea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Potxoenea.
Zehaztasunak: Martxoaren 8ko ekimenak antolatzeko, ideiak biltzeko bilera irekia deitu du "M8 egunero da" taldeak.
Deitzailea: M8 egunero da.

31. Lilatoirako izen ematea zabalik
Emakumeen Egunaren bueltan ospatzen den Donostiako 31. Lilatoirako izen ematea zabalik da jada. Martxoaren 1ean ospatuko da aurten. 10:30etan abiatuko da Bulebarretik. Usurbilgo hamarnaka emakumeren parte hartzea sustatzen duen hitzordurako izena otsailaren 20a baino lehen bideratu beharko da lilaton.es atarian, 11 euroren truke.