Usurbilgo jaiak prestatzen hasteko lehen bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 12a, 09:34

Badatoz Usurbilgo jaiak! Urrun egon arren oraindik, prestaketa lanak bideratzen hastekoa da Jai Batzordea asteazken honetan bertan, otsailaren 12rako finkatu duen lehen bilkura irekian.

Usurbilgo jaiak noiz ospatu, egun bakoitzean zer eskaini, beharrezko baliabide eta aurrekontuak landu eta beste hainbat erabaki gehiago hartzen ditu Usurbilgo Jai Batzordeak. Hamarnaka norbanako eta eragile biltzen ditu urtero udal ordezkaritzarekin batera, herriko festak antolatzeko lanak bideratzen dituen elkarguneak.

2020ko edizioa prestatzen hastera doaz; lehen bilera irekia datorren otsailaren 12rako deitu dute, asteazkenez honenbestez, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Bilera irekia izango da aipatu moduan; datozen jaietan ekitaldiren bat antolatu edo prestaketa lanetan parte hartu nahi duen norbanako, talde, elkarte edo herri eragile orok du Jai Batzordean parte hartzeko aukera. Lehenbiziko saio honetan, festetarako proposamenak biltzen hasi nahi dute. Datozen hilabeteotan egingo dituzten bilera irekietan garatzen, zehazten joango dira ekarpen guztiok. 

Festei lotutako erabaki guztiak bilgune honetan hartu ohi dituzte, eta aurten ere, bide beretik segiko dute.