Zubietako erraustegia

"Ustelkeria eta interes pribatuen aurrean, bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egingo dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 15a, 09:17

Laster "ofizialki" piztu dezaketen erraustegia salatu eta geratzeko ekimena antolatu zuen bart Ernaik Usurbilen. Herri erdigunea zeharkatu zuen kalejira aldarrikatzaile baten baitan, "ustelkeria eta interes pribatuen aurrean, bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egingo dugula" adierazi zuten. Ondoko irudiko pankarta eseki zuten Usurbilgo EAJ-ren batzoki atarian. Beste bat Oxtapeko zubian, otsailaren 27rako antolatu duen mobilizazio eguna iragarriz. Bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren alde egingo dutela garbi erakutsi nahi dute.

Martxoaren 3an piztu dezaketen Zubietako erraustegiari ongi etorririk ez ziola egingo iragarria zuen Ernai gazte antolakundeak ostiral iluntzerako antolatu zuen ekimenean. "11 arrazoi ditugulako eta frogatu direlako, gaur inoiz baino biziago oihukatu beharrean gaude; errausketarik ez! Ez Zubietan, ez inon! Beste bizi eredu bat posible delako".

Sardin jana eskaini zuten zubietar talde batek Mikel Laboa plazan, eta segidan, herri erdigunea zeharkatu zuen kalejira aldarrikatzaile baten baitan, "PNV. Ustelen legea, errautsa eta kea" goiburua zuen pankarta eseki zuen Ernaik, jeltzaleek Oxtapen duten batzokiaren atarian. Oxtapeko zubian aldiz, aldarri bera zeraman beste pankarta erraldoia, otsailaren 27rako antolatu duen mobilizazio eguna iragarriz.

Interes pribatuen alde, gizartearen aurka
"Martxoaren 3an jarriko da martxan Zubietako erraustegia. Ernai Gazte Antolakundeak ikasle eta gazte mobilizazioak antolatu ditugu Donostian eta Lasarten otsailaren 27an, ustelkeria eta interes pribatuen aurrean, bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde egingo dugula garbi erakutsiz", iragarri du Ernaik.

Mobilizazio egun honen bidez, erraustegia "egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikonoa" dela nabarmendu nahi dute, etekin ekonomikoa herritarren bizitzen gainetik jartzen dutela salatzen du Ernaik. Egitasmo honen atzean dauden, "milioi askoko tratuarekin batera". Gazte antolakundearen esanetan, "berriro ere poltsikoak diru ustelez beteko dituzte erraustegia beharrezkoa dela diotenek, nahiz eta ongi dakiten gizartearen kalterako proiektuak direla". 

Herritarren hitza alboratu eta interes pribatuak lehenestea, hori da Ernairen esanetan, EAJ-k eta PSE-k Gipuzkoa eta Euskal Herrirako nahi duten eredua". 

Klima larrialdi egoeran egonik, "are eta ulergaitzagoa"
Azken hamarkadan herri mugimenduak sustatuta, milaka herritarrek erraustegia geratzeko eginiko eskakizunaren ildotik, egun pil-pilean den klima larrialdiaren gaiaren aurrean "loratzen ari den erantzun herritarra ere mahai gainean jarri nahiko genuke. Klima larrialdiaren gaiak zentralitatea hartu eta eztabaida politiko eta mediatikoaren erdigune bilakatu denean, are eta ulergaitzagoa da proiektu hau irekitzeko urratsa ematea".

Adibide gisa aipatzen du Ernaik, azken egunotan Zaldibarko zabortegiko hondamendiarekin gertatzen ari dena. "Krisi ekologikoaren aurrean, agintariek kapitalismo berdearekin erantzuten dute, haien aurpegia garbitu nahian, inolako aldaketarik suposatzen ez duten azaleko adierazpenak eginez eta hazkunde ekonomiko eta negoziorako aukera berriak irekiz".