Grebaren ordez, borroka eta mobilizazio eguna deitu du Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 18a, 10:24

"Aurten berriro ere kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat", adierazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak goizean Iruñean egin duen agerraldian. Borroka feminista eguna deitu dute Martxoaren 8rako. Gipuzkoari dagokionez, eguerdian mobilizazioak herri eta auzoetan, eta arratsaldean hitzordu nagusiak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak ohartarazi nahi izan duenez, "aurten Euskal Herrian ez dugunez grebara deitu, gure aldetik ezintasun bat edo su-eten bat dagoela ikusarazi nahi izan dute batzuek. Ez bata eta ez bestea. Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu", argitu dute. 

Emakumeen autoantolaketaren beharra azpimarratzen segiko dutela iragarri du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Ahalegin askorekin eskuratutako eskubide sozial eta politiketan emandako atzerapausoei aurre egin behar diotela iragarri dute. 

Datorren Martxoaren 8an, "suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideen zatiketa proposatzen duen arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu. Gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu, norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu-askatasuna defendatuz. Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!", ohartarazi dute.

Mobilizazioak
Martxoaren 8rako mobilizazioen egutegia aurkeztu dute Euskal Herri osorako. Gipuzkoari dagokionez, 12:00etan deitu dituzte lehen hitzorduak herri eta auzoetan. 18:00etan mobilizazio nagusiak.

Bilera gaur
Gogoan izan, Usurbilen "M8 egunero da" taldea ari da bideratzen, Martxoaren 8ra begirako ekimenak. Eguna prestatzeko astearte honetarako (otsailak 18) bilera irekia deitu dute 19:00etan Potxoenean.

Bertso-afaria martxoaren 6an
Usurbilgo Udalak antolatu du Martxoaren 8ko ekimenen bueltan. Artzabalen ospatuko da martxoaren 6an, 21:00etan, Uxue Alberdi, Oihana Bartra eta Onintza Enbeitarekin. Amaia Agirre arituko da gai-jartzaile lanetan. Sarrerak oraindik ez daude salgai.

31. Lilatoirako izen ematea zabalik
Emakumeen Egunaren bueltan ospatzen den Donostiako 31. Lilatoirako izen ematea zabalik da jada. Martxoaren 1ean ospatuko da aurten. 10:30etan abiatuko da Bulebarretik. Usurbilgo hamarnaka emakumeren parte hartzea sustatzen duen hitzordurako izena otsailaren 20a baino lehen bideratu beharko da lilaton.es atarian, 11 euroren truke.