Otsaileko azken ostirala Lasarten

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 20a, 13:19

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak bertan behera utzi du, hilero moduan, otsailaren 28rako Mikel Laboa plazan deitu ohi duen euskal presoak etxeratzeko elkarretaratzea. Ordu berean, Lasarte-Orian deitu den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Otsaileko azken ostiralean, hilaren 28an ez da elkarretaratzerik izango 20:00etan Mikel Laboa plazan. Hala ohartarazi dio NOAUA!ri Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Egun eta ordu horretan, hilaren 28an 20:00etan Lasarte-Orian deitu den manifestaziora joateko deia egin du. "Izan ere, dispertsio-politika salatzeko eta horren erruz hildako senideak bisualizatzeko Etxerat burutzen ari den kanpainaren barnean, oraingoan Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi lasartearren kasua nabarmendu nahi da.  Biek ala biek 2003ko otsailaren 28an, justu orain 17 urte. Orduan preso zeukaten seme eta anaia Almeriara bisitatzera zihozela izandako kotxe-istripuan galdu zuten bizia. Istripu berean Joxe Balerdi aita larriki zauritua suertatu zen", gogorarazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Bizirik segitzen duen dispertsioa bertan behera uztea exijituko da manifestazio honetan. "
Tamalez, dispertsioak bizirik jarraitzen du oraindik ere. Eta hori gutxi balitz, azken 32 urtetan politika krudel horrek eragin dituen 16 hildakoek eta dozenaka zaurituek ez dute inolako aitortza instituzionalik lortu. Nonbait bigarren mailako biktimak dira. Argi eta Iñaki gure bihotzetan ditugula gogoratu eta Madrilgo gobernuak urrunketa eta sakabanaketaren desmasia lehenbailehen bertan behera utz dezala exijituko dugu otsailaren 28ko manifestazioan, 20.00tan, esan bezala, Lasarten".

Biharamunerako, otsailaren 29rako bestalde, ibilaldia antolatu dute Teresategiko oroigarriraino. Ibilaldia goizeko 10:30etan abiatuko da Okendo plazatik eta 10:45ean Zabaletako Antonio Blas plazatik. Ibilalditik itzuli ostean, mokadutxora iragarri dute 12:30ak aldera Xirimiri elkartean.