Inauteri Festa 2020

Orbeldikoen eskutik, Luzaideko dantzen plaza bart Usurbil

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 22a, 10:34

Luzaideko bolant dantzak eskaini zituzten Orbeldi D.T.-ko kideek bart, Oiardo Kiroldegitik abiatu eta frontoian amaitu zuten kalejiran zehar. Inauteri festa dantzarienerako girotu gintuzten.

Luzaideko dantzariak bisitan izango omen genituen ulertua zuten zenbaitek, egitarauan iragarria genuen moduagatik. Baina herritik mugitu gabe bidaiatu genuen bertako dantzetara, Orbeldikoek bart egindako kalejira eta emanaldi ederraren eskutik.

Dantza taldetik eskerrak helarazi nahi dizkiete hitzordu hau ospatzea ahalbidetu dutenei; batetik, soinean zeramatzaten jantziak prestatzen aritu diren dantza taldeko jostunei. Eta baita, bart iluntzeko saioan bidelagun izan zituzten Zumarteko musikariei ere.

Orbeldi D.T., Dantza Egunera begira da jada; apirileko lehen asteburuan, apirilaren 4an eta 5ean ospatuko da 2020ko edizioa.