Zubietako erraustegia

Erraustegia geratzeko datorren manifestaziorako kartel tailerra gaur "Kontuz, ama naiz!"-en eskutik

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 24a, 12:28

GuraSOSek abian jarritako "Kontuz, ama naiz!" ekimeneko ama taldea ere, Larreko Mahaiak otsailaren 29rako Donostian deitu duen manifestaziora begira da. Mobilizaziora buruan zapia jantzita joateko deia egin du. Bestetik, hitzordura eramateko kartel eta leloak lantzeko tailerra antolatu du astelehen honetarako, otsailaren 24rako 17:00etan Usurbilgo frontoian.

"Kontuz, ama naiz! Natura, bizitza, etorkizuna naiz. Zertan ari zarete nirekin?", hala hasten da GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldu berri duen bideoan. Amak eta haurrak ageri dira, batzuk zapia buruan jartzen, besteak zapia buruan dutela.

Horretara gonbidatzen dute; Larreko Mahaiak biltzen dituen eragile sindikal, sozial eta ekologistek, erraustegia geratzeko otsailaren 29rako Donostian (17:00etan Easo plazatik) deitu duten manifestaziora zapia buruan jantzita joatera alegia. "Kontuz, ama naiz! Indarra, kemena irudikatzeko zapia jarri dut buruan. Gazte, heldu, haur... Denok Donostiara zapia buruan!".

GuraSOSen baitan abian jarritako "Kontuz, ama naiz!" ekimeneko ama taldeak argi ohartarazten du, "ez dugu utziko erraustegia martxan jartzen, berme eta kontrolik gabe". 

Kartel tailerra
Buruan zapia jantzita eta aipatu manifestaziora eskuetan kartelekin joatera deitzen dute "Kontuz, ama naiz!" ekimeneko kideek. Horretarako tailerra antolatu dute astelehen honetarako, otsailaren 24rako, arratsaldeko 17:00etan Usurbilgo frontoian. Kartelok lantzeko materiala izango da eskura. Bertan "elkartuko gara otsailaren 29ko manifestaziorako kartelak, leloak eta abar familia giroan prestatzeko. Zatoz!", luzatu dute gonbita. 

ERRAUSTEGIA GERATZEKO AGENDA
Otsailak 24, astelehena
17:00 Otsailaren 29ko Donostiako manifestaziora eramateko kartelak, leloak eta abar, familia giroan lantzeko tailerra Usurbilgo frontoian.
Antolatzailea: "Kontuz, ama naiz" ekimeneko kideak.

Otsailak 27, osteguna
12:00 Ikasleen mobilizazioa Donostiako Gipuzkoa plazatik.
19:00 Gazte mobilizazioa Lasarte-Oriako Okendo plazatik.
Antolatzailea: Ernai gazte antolakundea.

Otsailak 29, larunbata
17:00 "Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!" aldarripean, erraustegia geratzeko manifestazioa Donostiako Easo plazatik.
Antolatzailea: Larreko Mahaia.

Martxoa
Erraustegia "ofizialki" piztu dezaketen balizko hilabetea.