UEMAko gazteentzako topaketak Zumaiatik Lekeitiora izango dira aurten

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 27a, 18:26

UEMAk antolatutako udalekua ibiltaria izango da beste behin ere. Zumaiatik Lekeitiorako bidea osatuko dute ekainaren 29tik uztailaren 5era. Dagoeneko zabalik da izena emateko epea. "Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topeketen helburua", UEMAtik aditzera eman dutenez. 

Euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela lau urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. "Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua". Eta horrekin batera, "gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusaraztea".

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken hiru urteotan. Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko". Ekainaren 29tik uztailaren 5era, aisialdiaz eta euskal kulturarekin lotutako egitarauaz gozatzeko aukera izango dute Zumaiatik Lekeitiora bidean.

 

Izen-ematea

Bi modutara eman daiteke izena:

uema.eus web orrialdetik edota  telefonoz deituta: 943 816 699.

Informazio gehiago jasotzeko, hauxe duzue UEMAkoen helbide elektronikoa: hezkuntza@uema.eus


Bideoa: iazko parte hartzaileek egindako bideoa, aurtengo topaketetarako deialdia eginez.