Usurbilek pediatra euskalduna izatea exijitu dio Udalak Osakidetzari

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 5a, 14:35

Egun behin-behinean den pediatrak ez daki euskaraz. Apirilean heldu daitekeen, langile berriak euskaraz aritzeko gai izatea bermatzea exijitu die Usurbilgo Udalak osasun eremuko arduradunei. 

Euskaldunok egunerokoan pairatzen ditugun hizkuntza-eskubideen urraketen adibide argia da egun, Usurbilgo anbulatorioan bizi den egoera. Zehazkiago esanda, haur txikiek eta haien gurasoek bizi dutena. Oraindik bistan denez, Euskal Herrian osasungintzan, beste hainbat eremuetan bezala, ez da bermatzen langileak euskaraz aritzeko gai izatea. Ez da bermatzen, herritarrok osasun-etxeetan euskaraz artatuak izateko dugun eskubidea.

Horren adibide dugu aipatu moduan egun, Usurbilgo anbulatorioa. Euskararen arnasgunea dugun udalerri honetako osasun-etxean aldi baterako jarri duten pediatra berriak ez daki euskaraz. Aurrekoak bai bazekien, baina "oposizioak gaindituta, ezin izan zuen Usurbilgo postua hartu, Osakidetzak ez baitzuen eskaini", Usurbilgo Udalak berri eman duenez. Ondorioz, behin-behinean pediatra bat jarri dute anbulatorioan. Eta ez daki euskaraz.

Herritarren kexuei erantzunez, salaketa bana aurkeztu du Udalak Behatokian eta Elebiden. Usurbilgo Udala Osakidetzarekin jarri zen hartuemanetan. Bi eskaera bideratu zizkion; orain arteko pediatra bertan geratzeko, eta hori posible ez balitz, langile berria euskalduna izatea. 

Hizkuntza eskakizuna betearazteko eskaera
Osakidetzak Udalari jakinarazi dionez, epe luzerako kontratazioa egiteko hautaketa prozesua abiatu dute. Pediatra berria apirilean anbulatorioan lanean hastea aurreikusia dagoela adierazi du Udalak ohar bidez. Horrek esan nahi du, gutxienez, apirilera arte, Usurbilek ez duela pediatra euskaldunik izango. "Usurbildarren hizkuntza eskubideak betetzeko eskatu dio Osakidetzari, alegia, pediatra berriak postuari dagokion hizkuntza eskakizuna bete dezala. Izan ere, Usurbil UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. Euskara da nagusi herrian, eta osasun etxean ere euskaraz hitz egin ahal izatea berma dadin nahi du Udalak".

Euskaraz bizi den herri batentzat ezinbesteko baldintzatzat jotzen dutelako. Bestetik, urte luzez pediatra izandakoak erretiroa hartu eta bere ordezkoarekin egoera egonkortzen ari zela datorren aldaketa hau kezkagarritzat jotzen du Udalak "etor daitekeen langilearen profesionaltasuna zalantzan jarri gabe, gaur egungo pediatrak dagoeneko herriko umeak eta errealitatea ezagutzen dituelako”.