"M8 egunero da" taldeak Emakumeen Egun honetarako antolatua zuen hitzordu nagusia izan da. 13:00ak aldera abiatu da frontoitik indarrak antolatu eta borroka feministara batzea eskatzen zuen manifestazioa. Mobilizazioarekin bat egin dute emakume anitzek. Belaunaldi ezberdinetakoak ikusi ditugu; amona, ama eta alabak elkarrekin. Lagun koadrilak. Ahizpak... Eta nabarmentzekoa, belaunaldi berriaren parte hartzea. Indartsu datoz Usurbilgo neska gazteak.
Guztiek borroka feminista goratuz egin dute herrian barrena osatu duten ibilbidea. Mikel Laboa plazatik Artzabalgora jo dute, handik Errekatxiki kalera. Kale Nagusia alderik alde zeharkatu eta Bordatxoko errotondara. Handik Kiroldegia eta Udarregi Ikastola paretik igarota Munalurrara eta frontoira buelta. Bidean manifestariak batu zaizkio mobilizazioari, abiatu baino jende gehiago itzuli baita frontoira.
Parte hartzeaz gain, aipatzekoa baita, parte hartzeko modua; ozen aldarrikatu dute, ahal zuten ozenen, borroka feminista dela bide bakarra.