Garbitaniaren eta Udalaren lan deialdietara eskabideak aurkezteko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 10a, 08:53

Usurbilgo Udalak liburuzain laguntzaile lanpostua betetzeko oinarriak kaleratu ditu. Garbitaniak zerbitzu juridikoetarako teknikari bat kontratatu nahi du eta lan-poltsa osatzeko deialdia plazaratu du.

Zerbitzu juridikoetarako teknikari baten kontratazioa Garbitanian
Zerbitzu juridikoetarako teknikari bat kontratatu eta lan-poltsa eratzeko hautaketa prozesua abiarazi du Garbitaniak. Besteak beste, Garbitaniako arlo ezberdinei aholkularitza eskaini beharko dio teknikariak, eta horretarako "beharrezko diren kudeaketa, azterketa eta proposamenak" egin beharko ditu. Langileen kontratazioari lotutako hainbat lan bideratu beharko ditu baita.

Deialdian parte hartzeko ezinbestekoa izango da, "Zuzenbidean lizentziatura titulu ofizial edo homologatua edukitzea edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea; edo horien baliokide den gradu titulua izatea". Horrekin batera, baita "3. hizkuntz eskakizunari dagokion euskara maila, EGA, C1 edo baliokidea den titulua" eta "B gida-baimena edo baliokide baten jabe izatea eta gidatzeko gaitasuna izatea".

Lanaldia Garbitaniak berak zehaztuko du "betiere lanpostuaren izaeraren eta premien arabera". Hautaketa lehiaketa-oposizioa prozesua gainditzen duten izangaiek lan-poltsa eratuko dute, lortutako puntuen arabera.

Interesdunek martxoaren 13ra arteko epea dute eskabideak aurkezteko. Xehetasun gehiago hemen: Garbitania 

Udal liburuzain laguntzaile lanpostua
Usurbilgo Udalaren liburuzain laguntzaile lanpostua oposizio-lehiaketa aske bidez betetzeko oinarriak eman ditu argitara Udalak, astelehen honetako (martxoak 2) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. "Deialdi honen xedea ondorengo hau da: lehiaketa-oposaketa irekiaren bidez, Udal honetako funtzionarien plantilan hutsik dagoen Liburuzain Laguntzaile lanpostua betetzea. Plaza hau Administrazio Bereziko Eskalan, Teknikari laguntzaile Azpieskala, C sailkapen taldean eta C1 azpitaldean dago kokatuta".

Udalak gaineratzen duenez, "lan-jarduna urtero Udalak zehazten duena izango da eta, edozein dela ere, horretarako lanpostuaren izaera eta behar bereziak izango ditu kontuan". Izendatu gabeko izangaiekin lan-poltsa osatuko dute, "lortu duten puntuazioaren araberako hurrenkerarekin".

Hemen eskaintzen den lanpostuaren ezaugarrien berri:
-Lanpostuaren maila: 14.
-Ordainsaria: Usurbilgo Udalaren ordainketa taulako 12. maila.
-Berariazko osagarria: 18.490,82 euro.
-Hizkuntz-eskakizuna: 3. H.E. (derrigorrezkoa).
-Plaza kopurua: 1.

Besteak beste, lanpostu honetan, erabiltzaileari arreta eskaini beharko da, zerbitzua ongi erabiltzen dela ziurtatu, liburuak eta maileguak kudeatu, funtsen erosketa, katalogazio eta sailkapenean lagundu, irakurzaletasuna bultzatu... 

Eskabideak datozen 20 egunen baitan aurkeztu beharko dira. Aurkezteko eredu ofiziala udal erregistroan edo usurbil.eus atarian eskuratu ahalko da. Hemen xehetasunak: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/euskera/gao/2020/03/02/e2001125.htm