2020ko Martxoak 8

Borroka feministarekin bat egin zuen Martxoaren 8a iruditan

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 10a, 11:40

Emakumeen iazko planto historikoak jarraipen jendetsua izan du aurtengo Martxoaren 8an Usurbilen. Partekatze eta hausnarketa gune emankorra, manifestazio zaratatsua, dantza saio bizia, Kafe Tertuliakoen "showa"... "M8 egunero da" taldeak antolatutako ekimenek harrera ezinhobea izan zuten igandean. Irudiotan bildu genituen.

Martxoaren 8ak emandakoa albiste eta irudi ezberdinetan jaso genuen. Esteka honetan duzue datu, argazki eta bideo bilduma: https://noaua.eus/bereziak/

ADIERAZPENA
MARTXOAK 8
EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA
Aurten berriro ere kaleak bete ditugu, eta ozen eta argi esan dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat. Greba feministetatik greba orokorrera joan ginen eta gaur borroka egun izugarria lortu dugu. Zorionak!

Gainera, aurtengo Martxoaren 8an 20 urte betetzen dira Emakumeon Mundu Martxa plataformak mundu mailako lehenengo ekimena egin zuenetik. Urte honetan ere, "bizitzeko erresistitzen dugu, eraldatzeko martxan gaude" lelo orokorraren baitan Nazioarteko 5. ekintza antolatuko da mundu mailan. Ekintza honen helburuen artean, mugak zein transnazionalek egun jokatzen duten papera salatu eta migrazioaren errealitatea ikusarazteko erabili nahi dugu. Hortaz, Euskal Herrian ere, datozen hilabeteetan nazioarteko ekintza prestatzeko lanetan murgilduko gara herrietan dinamika hauek pizteko eta urrian ekintza bateratu bat prestatzeko helburua izanik. Denak aske izan arte martxan jarraituko dugu!

Guk gaur feminismoan emakumeen antolaketaren beharra azpimarratu dugu. Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basatia sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu. Eta Usurbilgo emakumeak horretara deitzen ditugu, elkartzera, antolatzera, elkarrekin hausnartzera, ahizpatasunera. Guztion artean Usurbil feminista bat eraiki dezagun! Usurbilgo emakumeok ere aske izan nahi dugulako!

Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!

Aurten ere borrokan gaituzte!
Gora borroka feminista!