Koronabirusa

Otar-Goxo: "Astelehenerako ez bada, astearterako izango dugu oilaskoa"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 14a, 13:13

Pedidoak 943-365581 kartela ipini dute Otar-Goxoren atarian. “Ez dugu denda itxiko baina jende-pilaketak ebitatu nahi dizkiogu erosleari”. Bezeroak telefonoz deitu, behar duena eskatu eta Otar-Goxora etorri orduko prest izango du erosketa-poltsa. Zerbitzu hau martxan egonik ere, “dendak irekita jarraituko du astelehenean”.

Erosketa telefono bidez enkargatzen duenak ez du denbora luzez zain egon beharko. Eta hortaz, ez du jende pilaketarik eragingo. Osasun Sailaren gomendioekin bat dator neurri hau.

Otar-Goxotik pasa garenean hain zuzen, gainezka zegoen denda. Beranduago egin dugu bigarren saiakera bat. Lanean gelditu gabe ari ziren denak. “Ez genuen horrelakorik espero", aitortu digute. "Gaur hasi da generoa huts egiten. Oilaskoa, bereziki. Astelehenean ez dakigu izango dugun, zeren asteburuan ez da oilaskorik hiltzen. Astearterako izango dugu”.

 

"Egunotakoa ez genuen aurreikusi"

Ostegunean hasi zen eromena. “Asteazkenean tira, baina ostegunean eta ostiralean tope aritu gara. Eta gaur ere bai. Gabonetarako adibidez, aurretik prestatzen zara. Egunotakoa ordea, guk ez genuen aurreikusi”.

Janaria erosteaz gain, jendeak emandako aholkuak betetzen ote dituen jakin nahi izan dugu. “Batzuk paso egiten dute baina beste batzuk oso inplikatuta daude. Distantzia egokiak mantentzen dituzte, txartelarekin ordaintzen dute...”.