Atez Ateko Bilketak 11 urte gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 16a, 08:00

Aurrekaririk ez duen osasun larrialdi eta alarma egoeran gaude. Erronka itzela du herri honek egun eta asteotarako. Mugarri historiko baten urtemuga tartean egokitu da; Atez Ateko Bilketak 11 urte bete ditu astelehen honetan. Ezin osasuntsuago gainera; hondakinen %86a gaika biltzera heldu da Usurbil, Udalak helarazitako azken datuen arabera.

Erraustegia bezalako azpiegituren aurrean alternatiba sendorik badela erakusten duten zenbakiak segidan; Usurbilgo Udalak udalerri honetako 2019ko gaikako bilketaren inguruan plazaratu dituen datuak. Hobetzeko tarterik egon zitekeela zaila zirudienean, herri honetan sortutako hondakinen ia %90a modu arduratsuan biltzera igaro da.

Udalak eskainitako datuak eskuartean izanda, egin dezagun denboran atzera. Atez ateko bilketak martxan jarri eta berehala irauli zuen Usurbilgo gaikako bilketaren ehunekoa: 2008ko %30etik 2009ko %71ra igaro ginen aipatu sistema abiarazi eta gutxira. 2010ean %80ko muga gainditu eta ehuneko hau hobetzea geroz eta zailagoa izan arren, pixkanaka gorantz egin du. Marka guztiak hautsita, %86raino heldu zen Usurbilgo gaikako bilketa iaz.

San Marko eta Gipuzkoako ehunekoa hirukoiztear
San Marko Mankomunitateko nahiz Gipuzkoako datuen oso gainetik da udalerri hau. 2018an San Markon, Donostia eta inguruko herriak barnebiltzen dituen lur eremuan, %50ean kokatua zegoen gaikako bilketa. Gipuzkoakoa %57an. 2008an San Markon hondakinen %28 bildu ziren gaika, %32a Gipuzkoan. Ordutik 11 urtez, gorantz egin du bi eremuotan gaikako bilketak, ia bikoizteraino. Usurbilen aldiz ia hirukoiztu egin da gaikako bilketa.

Gaika jasotako hondakin kopuruan gorakada nabarmena izan da. Atez ateko bilketa abiatu aurretik, 2008an 2.870 tona hiri hondakin sortu zituen orduko 5.729 biztanledun Usurbilek, 501 kilo biztanle eta urteko. Atez atekoa abiatuta, urteko 3.000 tonaren bueltan mantendu da Usurbilen bildutako hiri hondakinen kopurua, 2013az geroztik urteko 470-517 kiloren bueltan. 2019an, 6.174 biztanlerekin 3.141 tona batu ziren; biztanleko eta urteko 509 kilo.

Bildutako hondakin motari erreparatuz gero, iaz 286 tona ontzi arin bildu ziren, 377 tona paper eta kartoi, 834 tona biohondakin, 220 tona beira, 3 tona etxeko olio. 147 tona kudeatu ziren auto eta auzokonpostatze egitasmoen bidez.

1.921etik 430 tonara murriztu da erreusa
Erreusari dagokionez; 77 tona jaso ziren iaz etxeetan, 270 tona industrietan, 83 tona kale garbiketan. Guztira, 430 tona erreus. Bildutako hiri hondakin motaren bilakaerari erreparatzen badiogu, biohondakina da atez ateko bilketa martxan jarri zen urtetik gehien biltzen den hiri hondakina Usurbilen.

Erreusaren baitan sartzen dira, etxeetan, industriaguneetan edota kale garbiketan jasotakoa. Eremu guztiotan nabarmen murriztu da birziklaezina den hondakin zatia. 2011tik 2019rako bilakaera datuak plazaratu ditu Udalak. Atez ateko bilketa martxan jarri eta bi urtera zenbatzen hasita, nabarmen murriztu dira bataz beste, tona kopuruak zenbait kasuetan. Etxeetan bildutakoa 138tik 77ra, industrietakoa 361etik 270 tonara, 155etik 83ra kale garbiketan. Orotara, 653tik tonatik 430era murriztu da 2011-19 urte artean, Usurbildutako erreus tona kopurua. Atez ateko bilketa abiatu aurretik, 2008an 1.921 tona erreus bildu ziren Usurbilen.

Gastu eta sarreren hazkuntza nabarmena
Atez ateko bilketaren inguruko balantze ekonomikoa ere plazaratu du Udalak. Gastuak hazi diren neurrian hazi dira baita diru-sarrerak ere, atez atekoa abiatu zenetik. Gastuak 489.000 eurotik 933.000 eurora, sarrerak 250.000 eurotik 640.000 eurora. Horregatik defizitak ez du izugarrizko hazkuntza izan azken hamarkada honetan; 2009an 240.000 eurokoa zen, iaz 294.000 eurokoa.

Tarte honetan aipatzekoa da, udalerri hau San Marko Mankomunitatean egonik, edukiontzien sistema indarrean duten beste zenbait herrietako gastuak ordainaraztera behartu dutela urte luzez. Helegiteak aurkeztu izan ditu Udalak, Hernani eta Oiartzungoarekin batera. Eta auzitegiek arrazoia eman diete Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udalei. 2014, 2015, 2016 eta 2017ko mankomunitateko aurrekontuak baliogabetu egin zituen Euskadiko Auzitegi Gorenak.