Koronabirusa

Soraluzeko emakumearen erahilketa salatzeko kazerolada 21:00etan

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 17a, 11:45

Azken egunotan 20:00etan geure osasuna zaintzen laguntzen ari diren guztiak eskertzeko balkoietara ateratzeko deialdiak egiten ari dira. Gaurkoan bigarren salaketa hitzordu bat. Oraingoa 21:00etan, atzo Soraluzen erahil zuten emakumearen alde. Konfinamendu aginduak indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen egoera okertu duela ohartarazten ari dira .

"Eraso sexistarik ez!, Autodefentsa feminista!" aldarripean, kazerolada deitu du astearte honetarako (martxoak 17) 21:00etan balkoietan Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. "Ezin gara kalera atera, baina gure balkoi eta leihoetatik gure haserrea erakutsiko dugu!", iragarri dute.

Kazeroladarekin astelehenean Soraluzen izandako emakumearen erahilketa salatu nahi da. 33 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehen goizaldean 74 urteko ama erahiltzea egotzita. Deitzaileek sare sozialen bidez partekatu duten kartelak gogorarazten duenez, "3 emakume erahil ditu indarkeria matxistak 2020an Euskal Herrian. Nahikoa da!". Euskal Herriko Emakumeon Martxako kideek salatu dutenez, "patriarkatua da gure pandemia!".

Konfinamenduagatik, okerrago
Indarkeria matxista pairatzen ari diren emakumeen egoera une honetan, konfinamendu agindu betean are gogorragoa dela ohartarazten ari dira. Eraso egiten dieten gizonezkoekin elkarbizi beharrean baitira etxetik atera gabe. Onena emakume pentsiodunen plataforma emakume helduenen egoera salatzen ari da. Kolektibo osoari eragiten dio noski. 

Eraso matxistak jasaten ari diren emakumeentzako ondoko zenbakiak aktibatuta jarraitzen duela gogorarazten ari dira sare sozialen bidez: 900 840 111. SATEVIren telefono zenbakia da, hau da, etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko informazio- eta arreta-zerbitzua. "Zerbitzua berehelakoa da, anonimoa, konfidentziala eta doakoa, eta ez du arrastorik uzten telefono-fakturan".