Koronabirusa

Balkoi eta leihoetara gerturatzeko hitzordu bana gaur ere, 20:00etan eta 21:00etan

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 18a, 14:58

Osasungintzako langileak eskertzeko eguneroko hitzordua 20:00etan. Eta gaurkoan 21:00etan, Espainiako Errege Felipe VI.a telebista bidez eskaintzekoa den mezuaren aurrean, errege espainiarra kanporatzea eskatzeko kazerolada deitu da. Asteazken honetako bigarrena litzateke, eguerdiko 12:00ak aldera ere egin baitute. Balkoi eta leihoetan hitzordu bikoitza beraz gaur iluntzerako.

"Erregea kanpora!" aldarripean, Espainiako errege Felipe VI.aren aurkako protesta ekintza deitu dute sare sozialen bidez asteazken iluntze honetarako. Ordu horretan bertan, itxuraz erregea koronabirusagatik bizi dugun egoeraren inguruko mezua eskaintzekoa da telebista bidez. "Atera zure lapikoa leihora!", hortxe deitzaileek luzatu duten gonbita. Erregea kanporatzeko protesta ekintza izango da honakoa. Familia honen azken eskandaluaren berri izango duzue; ustez Saudi Arabiatik legez kanpo jasotako 100 milioi dolarreko komisioak osasungintza publikora bideratzea eskatu dute eguerdiko kazeroladarekin. Iluntzean zuzenean, Erregea bera kanporatzea eskatuko da.

Asteazken honetan ere honenbestez, hitzordu bikoitza izango dugu etxeetako balkoi eta leihoetan. 21:00etako hitzorduaren aurretik, ordubete lehenago, 20:00etan, egunero bezala osasungintzako langileei eskertza mezua. Bart gauean ere, bi hitzordu izan genituen balkoietan. Eguneroko 20:00etakoa, gure bizitzaren alde lanean dihardutenak omentzeko, eta 21:00etan astelehenean Soraluzen izandako erahilketa matxista salatzeko kazerolada egin zen Euskal Herri osoan, baita Usurbilgo balkoi eta leihoetan ere.

Donostialdeko Osakidetzako langileak: "Eskerrak eman nahi dizkiegu herritar guztiei erakutsi diguzuen maitasunagatik"
Usurbilgo anbulatorioko langileak barnebiltzen dituen Osakidetzaren Donostialdeko ESIko, hau da, aipatu eremuko osasun-etxeetako langileek ondoko eskertza mezua hedatu dute sare sozialen bidez. Gogoan izan, iluntzero 20:00etan jendea balkoietara atera eta osasungintzako langileei eskerrak helarazteko deialdiak egunerokoan bilakatu dira.

"Donostialdea ESIko langileok eskerrak eman nahi dizkiegu herritar guztiei erakutsi diguzuen maitasunagatik. Zuen esker onak eta -etxean geratuz eta gure jarraibideak betez- osasunarekiko erakutsi duzuen konpromisoak indarberritu eta lagundu egiten gaitu. Mila esker bihotzez". Etxean geratzeko deia egiten segitzen dute.

Hortxe duzue eskertza mezua. Gogoan izan, jada iluntzeetan 20:00etan jendea balkoietara ateratzeko deialdiak egunerokoan bilakatu direla han eta hemen. Usurbilen ere azken egunotan hainbat herritar atera da balkoietara txalo eta txistuen bidez, gu guztion osasuna zaintzen, etenik gabe, guztia ematen ari diren langileei eskerrak ematera.