Koronabirusa

Elikadura bermatzeko diru-laguntza bereziak eta neurri ekonomiko gehiago iragarri ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 20a, 11:34

Behar larrian direnei, kolektibo zaurgarrienak laguntzeko neurri ekonomiko bereziak onartu ditu Usurbilgo Udalaren Prebentzio Mahaiak. Ostiral honetatik bertatik eska daitezkeen elikadura bermatzeko diru-laguntza deialdia edota udal tasa eta zergei lotutako neurri gehiago.

Udalaren Prebentzio Mahaiak onarturiko neurri ekonomiko hauek guztiak helburu argia dute; oinarrizko behar sozialak asetzen laguntzea. Tartean, elikadurarena. Konfinamenduaren ondorioz, elikadura bermatu ezinik diren herritarrei zuzenduriko diru-laguntza lerroa iragarri du Udalak. Eskabideak gaurtik bertatik aurkeztu daitezke. 

Laguntza lerro hau, alarma egoerak iraun artean, elikagai bankuetatik hornitu edo jangela beka duten haurrei zuzendua dago. Alarma egoera luzatuko balitz, berriz eskuratzeko aukera izango da. Familiako kide kopuruaren arabera, 15 egunerako honako laguntza banatuko da: 100 euro kide bat edo biko familientzat, 150 euro 3-4 kidekoentzat, 200 euro bostetik gorakoentzat.

Malgutasuna
Neurri ekonomiko gehiago ere onartu ditu Udalak. Batetik, ematen ez den zerbitzurik ez kobratzea herritarrei; Haur Eskolaren kuota, Kiroldegiari lotutako abonamendu eta ikastaroak; zergen eta tasen ordainketa malgutasunez egitea. Horrekin batera, zergak ordaintzeko epea luzatuko dela ere iragarri du: ibilgailuena, IBIa eta ekonomia jardueren zerga.

Gainerako tasak eta zergak ordaintzeko malgutasunez jokatuko dutela iragarri dute Udaletik, arazoak izan ditzaketen herritarrekin. Udalak bestalde, azpikontratatutako zerbitzuen kontratuak ez ditu etengo oraingoz.