Koronabirusa

Alkartasuna Kooperatiba: “Denda irekita izango dugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 23a, 19:11

Egun gogorrak izaten ari dira hauek. Baita Alkartasuna Kooperatiban ere. “Hala ere, denon ahaleginarekin egunerokoa bere onera etortzen ari da”, ohar bidez aditzera eman dutenez. Konfinamendu egunak izanik ere, denda irekita mantentzeko asmoa dute. “Aurkakoa agintzen ez badigute behintzat”. Azken egunetako salmentetan agortutako produktu gehienak “biltegiratu ditugu berriro, gure hornitzaileekin elkarlanean”.

Prebentzio neurriak ezarri dituzte

Bezeroeei eskerrak eman nahi dizkiete: “egunotan gurekin izan duzuen adeitasunagatik eta  kutsadura sahiesteko neurriak barneratzeko garaian, izan duzuen prestutasunagatik. Denda kanpoan zain egotea ez da atsegina, badakigu, baina beharrezkoa dela adierazi digute”.

Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteari eta Usurbilgo Udalari “nahiz bertako langileei ere” eskerrak helarazi nahi dizkiete. “Bizi dugun egoera nahasi honetatik indarrak berrituta aterako gara denok”.

 

Zalantzak argitzeko, telefonoz deitu

Denda zabalik dute Alkartasuna Kooperatiban. Hala ere,  “edozein zalantza baduzue, dei iezaguzue 943361114 telefono zenbakira”.

 

Ordutegia

Azken orduko aldaketarik ez bada, dendaren ordutegia bere horretan mantenduko da:

Goizez: 09:00-13:00.

Arratsaldez: 16:00-19:30.

Larunbatetan soilik goizez zabalduko dute.