Sortuz, bakardadea isolatuz

Ixak Arruti: "Denetariko kantak joko ditut, denak ezagunak"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 24a, 09:36

Bizi dugun itxialdia atseginagoa suertatzeko helburuarekin, Herriko Artixtak kolektiboak "Sortuz, bakardadea isolatuz" herri ekimena abiarazi du. Kontzertuak, solasaldiak, tailerrak... Eskaintza oparoa izango da. Ixak Arrutik piano kontzertu bat eskainiko du gaur arratsaldeko 19:00etan.

"Itxialdian deserosoak eta nekagarriak izan daitezkeen egun motel hauek modu atseginago batean igarotzeko". Asmo horrekin antolatu dute ekitaldi sorta. Ixak Arruti izango da gaurkoan oholtza birtualera igoko den artista. "Bertsioak ere egingo ditut, nahi duenak etxetik kanta dezan", aitortu digu whatsapp mezu bidez.

 

NOAUA! Piano kontzertua eskainiko duzu gaur arratsaldean. Nolakoa izango da emanaldia? Zerbait aurreratzerik?
Ixak Arruti. Kontzertua jendea entretenitzeko denez, gehien bat bertsioak egingo ditut, nahi duenak etxetik ere kanta dezan. Nire taldeetako kantaren bat egongo den arren denetariko kantak joko ditut. Denak ezagunak.

"Alaba jaiotzear da eta horrek ere bizipoza ematen digu"


NOAUA! Konfinamendua gozatzeko xedearekin abiatu duzue herri ekimena. Eta zuek, etxean, nola daramazue? 
Ixak Arruti. Guk etxean ondo daramagu konfinamendua. Bi gara eta horrek ere laguntzen du. Zaila den arren, saiatzen gara imaginazioa landu eta gauzak egiten, adibidez, pare bat egun daramatzagu 19:00ak aldera atarira atera eta bizilagunekin abesti batzuk kantatzen eta abar.... Gure kasuan, alaba jaiotzear da eta horrek ere bizipoza ematen digu.

Sortzeko denbora gehiago duzu orain. Dagoeneko kantaren bat sortzeko aukera izan al duzu?
Ixak Arruti. Egia esan, bai. Denbora soberan dugun honetan sortzaile naizen aldetik izan dut zerbait sortzeko zortea. Badakizu, inspirazioa ez da norberak nahi duenean etortzen, kar, kar, kar. Egia da egoera honek horretan laguntzen duela.

Argazkia: Laida Gonzalez.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Ixakena nahiz gainontzeko saio hauek denak ikusteko, Usurbilgo Artixtak taldearen sare sozialak jarraitu behar dituzue.  Facebook-en, "Herriko Artixtak" orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat usurbilgoartixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".