Sortuz, bakardadea isolatuz

Azpiazu Zubeldia anai arrebak: "Festa girorako, gu beti prest"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 26a, 11:23

Usurbilgo Artixtek ziklo ikusgarria abiarazi dute. Konfinamendu egun hauek gozatzeko xedez, 'Sortuz, bakardadea isolatuz' ekimena jarri dute martxan. Gaur Azpiazu Zubeldia anai arreben txanda izango da. "Bertsio nahasketa berezia izango da", email bidezko elkarrizketan aitortu digutenez. "Gustu ezberdinak ditugu eta nabarmen ikusi da hori kantuen aukeraketan". 

NOAUA! Azpiazu Zubeldia anai arrebak, horrela iragarri da osteguneko zuen saioa. Izen artistiko horrek trikitilari bikote batena dirudi. Erromerietara pasa al zarete?
Azpiazu Zubeldia anai arrebak. Trikitixak ez du arrakasta handirik gure etxean egia esan, kar, kar, kar. Kitarra soinuak eta ahotsak dira nagusi, baita oraindik bizia duen eta urte luzeetan euskal herriko txoko askotan ibili den baxua (etxeko rockero zaharrarena). Erromerietara ez dakit, baina festa girorako gu beti prest.
 
NOAUA! Kanta propioak, ideia berriren bat, bertsioak.... nolakoa izango da eskainiko duzuen emanaldia? Zerbait aurreratzerik?
Azpiazu Zubeldia anai arrebak. Bertsio nahasketa berezia izango da. Gustu ezberdinak ditugu eta nabarmen ikusi da hori kantuen aukeraketan. Distortsio soinuak ere maite ditugun arren, emanaldia lasaixeagoa izango da honakoan. Kanta berriren bat jotzeko ideia ere badugu, proiektu berri bat aurkezteko.
 
NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuek, etxean, nola daramazue? 
Azpiazu Zubeldia anai arrebak. Gure etxean festa giroa da nagusi gehienetan. Auzokideekin ere harremana sendotu dugu iluntzeetan eginiko elkarretaratze eta girotzealdiei esker. 
 
NOAUA! Sortzeko denbora gehiago dago, berez. Dagoeneko Zaparra taldearentzako kantaren bat sortzeko aukera izan al duzu, Jon Mikel?
Azpiazu Zubeldia anai arrebak. Taldekideak bagabiltza proiektu berri bat lantzen. Zaparra birsortzen ari garela esan genezake, indar gehiagorekin itzultzeko oholtza gainera. Bestalde, Malenen ahots indartsuari segika talde berri bat sortu dugu herriko hainbat lagunek, kontzertuan izango duzue honen berri.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldi hauek sare sozial hauen bitartez jarraitu ditzakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat usurbilgoartixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".