Alex Tello: “Ostiral honetarako iragarri genituen ekitaldiak aurrerago egingo ditugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 27a, 09:34

Ostiral honetan, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzekotan ziren Sutegin. Aitzakia horrekin, Atea Teatro taldeak Birritan bortxatua antzezlana eta Ekiza kantariaren kontzertua antolatu zituen gaurko. Alerta egoera dela eta, ekintza hauek atzeratzeko beharra ikusi da.

NOAUA! Martxoaren 27rako ekitaldi bikoitza antolatua zenuen. Dena den, bertan behera geratu da hitzordua.

Alex Tello. Sutegiko ekintzak bertan behera geratu dira, bai. Aurrerago egingo ditugu, baina noiz izango den ez dakigu.

 

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu zenituen bi saioak. Zer suposatzen du zuretzat, Udalarekin batera egun honen ospakizuna antolatzeak?

Usurbilgo Udalak kultur arloan oso ondo laguntzen du (baliabideen erabilera errazten du, luxu bat da). Hala, urtean diruz-lagundutako ekintza bat antolatzea erabaki nuen eta “interesgarriak” diren zuzenekoak programatu.

 

Hortaz, beste data batean egingo dira Birritan bortxatua  antzezlana eta Ekizaren kontzertua. Bi ekitaldien gaineko aurkezpen labur bat egingo al diguzu?

Birritan bortxatua antzezlanak bizi dugun gizartea salatzen du. Lan deserosoa gerta daiteke, gordina, kritikoa bezain beharrezkoa. Lehen lerroan diruz ondo hornituak dauden antzerki konpainiak ez dira ausartzen halako lanak egitera.

 

Ondoren Ekiza kantaria zen aritzekoa. Bere musika eskaintza ezagutzen ez duenari, zer esango zenioke?

Ekiza bakarrik aritzen da agertokian (Willis Drummond taldeko kantaria ere bada). Gaztea da eta eskarmentu handikoa. Talentua du eta bihotza. Umila ikusten zaio, naturala. Horrekin dena esaten dut.

 

“Galerak, Oihana Alkortaren poema baten segida” diskoa plazaratu eta zuzeneko bat eskaini zenuten Sutegin. Pozik esperientziarekin? Horrelako beste zerbait egitea aurreikusten duzu?

Ez dut aurreikusten halako lan gehiago... Omenaldia, erronka, ametsa... bizipen errepikaezina izan zen.

 

"Sortzea ederra da baina kudeaketa oso nekeza”

NOAUA! Antzezle, aurkezle, gidoilari… Hainbat arlotan aritzen zara. Aurrera begira, zeintzuk dira eskuartean dituzun egitasmoak?

Alex Tello. 2018tik gizarte hezitzaile lanetan nabil Donostian eta egun jarduera artistikoa zaletasunetik bizi dut. Azkenaldian ekimen askotan parte hartu dut, kalitatezkoak guztiak. Tournées (Israel Gonzalez 2019) laburmetraian adibidez. Eta estreinatzeke dauden hauetan ere aritu naiz: Rio da madre (Ruben Sainz), Gudaparteak (Amaia San Sebastian, Leire Egaña eta gehiago), No way out (Lucas Milla) eta aurki beste lan batean parte hartuko dut. Eta gutxi egiten diren arren, ez naiz casting-etara joaten.

 

Jarduera guztien artean, zein da gustukoen duzuna?

Antzeztea. Nahiz zuzendaritzan ondo moldatzen naizen. Sortzea ederra da baina kudeaketa oso nekeza da.

Idaztea gustuko dut eta aktoreen zuzendaritza ere bai. Aurkezle lanak gustura egiten nituen eta ikus-entzunezkoen komedian ez naiz trebatu nahi bezainbeste. Dena den, aldentzen ari naiz bide horretatik.

 

“Antzerkiak zentzua eman dio nire bizitzari”

Antzerkiak zentzua eman dio nire bizitzari”, aitortu digu usurbildar aktoreak. “Bestalde, kalitateagatik eta gauzak ahalik eta ondoen egin nahi ditudalako, ekonomikoki asko ematen diot (gehiegi) eta ez naiz damutzen baina ia ia. Horregatik, sorkuntzarako diru-laguntzak bai eskertuko nituzkeela”, adierazi digu Tellok. “Lana, denbora, kezka, gogoeta... Asko eman diot sorkuntzari, baita ekimenen sustapenari, eta horrek gogoa elikatu dit, baina era berean eta kasik oharkabean gauza askori uko egin diot. Esango nuke antzerkiak gehiago kendu didala eman baino, eta horrela segitzen dut. Ez dakit noizbait askatuko (liberatu) ote naizen...”.