Koronabirusa

Premian diren herritarrek zerbitzu ugari dituzte eskura

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 2a, 08:32

Izango da Herritarren Babes Sarea, DYAren laguntza sarea edota oinarrizko elikadura bermatzeko diru-laguntzen premian denik. Izango da arreta psikologikoa behar duenik edo indarkeria kasu baten aurrean nora jo ez dakienik. Berrogeialdian bazaude, kontuan izan Udalak zabaldu duen irizpideekin. Albiste moduko honetan, kontu hauen guztien inguruko informazio praktikoa batu dugu.

Herritarren Babes Sarea:

65 urtetik gorako herritarrei, elbarritasunen bat dutenei, haurren zaintzarako arazoak dituztenei eta gaixorik edo isolatuta daudenei laguntzeko osatu dute Herritarren Babes Sarea. Telefono bat jarri dute laguntza behar duten herritarrek erabiltzeko: 688 634 512.

 

DYAren laguntza sarea:

Egunotan bizi dugun alarma egoerari aurre egiteko, DYAk laguntza sare propioa antolatu du berrogeialdi honetarako, arriskuan egon daitezkeen eta familia-laguntzarik ez duten herritarrentzat. Hauek etxean gera daitezen eta arriskutsuak izan daitekeen ekintzarik burutu ez dezaten. DYAk 24 orduko zerbitzua dauka martxan. Horrela izanik, edozein unetan deitu daiteke 943 46 46 22 zenbakira eta norberak duen beharraren berri eman. 

 

Oinarrizko elikadura bermatzeko diru-laguntza bereziak:

Hauexek izango dira onuradunak: euren elikadura, lehendik, elikagaien bankutik bermatua zutenak, eta Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzeko ezartzen diren gehienezko diru-sarreren baldintza betetzen dutenak, 2020 urteko diru-sarrera aurreikuspenen arabera.

Ekimena Prebentzio Mahaiarena izan zen eta asteon argitaratu ditu Udalak horiek eskatu ahal izateko oinarriak. “Diru-laguntza horren helburua da konfinamenduaren ondorioz elikadura bermatu ezin duten hainbat kolektibo zaurgarriri laguntzea alarma egoerak irauten duen bitartean, hain zuzen, elikadura bermatzeko baliabideak emanez. Behin baino gehiagotan eskatu ahal izango da, alarma amaitu arte, behar bezala zurituz gero”, udal iturriek aditzera eman dutenez.

Batetik, Oiartzungo elikagaien bankua itxi egin dute, eta elikadura horren bidez bermatua zuten herritarrak behar hori ezin ase gelditu dira.

Bestetik, konfinamenduaren ondorioz, lanpostua galdu duten herritarrak daude, edo pentsiodunak, pentsio duinik ezean, oinarrizko elikadura bermatzeko zailtasunak dituztenak.

“Langabetuen eta pentsiodunen kasuan, Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzeko ezartzen diren gehienezko diru-sarreren baldintzak hartuko dira erreferentziatzat”. Hau da, 2020 urteko diru-sarrera aurreikuspenak baldintza horien azpitik dauden herritarrek Udalak ateratako diru-laguntza berri hau jasotzeko eskubidea izango dute.

 

Kide bakarreko familia unitateak: urtean, gehienez, 13.427 euroko diru-sarrerak.

Jasoko duten laguntza: 100 euro hamabost eguneko.

 

Bi kideko familia unitateak: urtean, gehienez, 17.241 euroko diru-sarrerak.

Jasoko duten laguntza: 150 euro hamabost eguneko.

Hiru kide edo gehiagoko familia unitateak: urtean, gehienez, 19.072 euroko diru-sarrerak.

Jasoko duten laguntza: 200 euro hamabost eguneko.

Eskariak TELEMATIKOKI egin beharko dira Udaleko erregistro nagusian: erregistroa@usurbil.eus

Salbuespenezko egoera baten aurrean bakarrik emango da arreta presentziala eta horretarako aurretiazko hitzordua eskatu beharko da 943 377 110 - 943 371 951 telefonora deituz.

 

Aldaketak garraio zerbitzuetan:

Covid-19ak eragindako egoera dela eta, martxoaren 16an tren eta bus zerbitzuak murrizten hasi zirela berri eman genizuen aurreko aldizkarian. Zenbait geltoki eta garraio zerbitzuetan izandako bidaiari pilaketek ordea, biharamunerako egoera guztiz aldarazi zuten. Egun hartan %50era gutxitutako tren zerbitzuak berriz ere ohiko ordutegira itzuli ziren. Lurraldebusek, %40-%60 arteko zerbitzuen murrizketei eusten die.

Informazio gehiagorako: lurraldebus.eus

 

Indarkeria kasuetan, nora deitu:

Isolamenduak indarkeria sexista areagotu dezakeela eta, protokoloa indartu du Udalak. Telefono zerrenda bat luzatu du:

SOS Deiak: 112.

Udaltzaingoa: 943 36 11 12.

Gizarte Zerbitzuak (goizez): 943 37 71 10.

Satevi, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko 24 orduko arreta zerbitzua: 900 840 111.

 

Arreta psikologikoa:

Osasun fisikoa zaintzez gain, burukoa ere zaintzen laguntzeko zerbitzu bat ere martxan jarri du Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak. Pertsona hauei guztiei psikologikoki laguntzeko helburuz zabaldu da telefono bidezko arreta psikologikoa. Zerbitzua elkarteko kide diren bolondres profesionalek eskainiko dute. Zenbaki honetan: 692 566 160.

 

Berrogeialdian daudenentzako oharra:

Atez ateko sistema egokituko du Udalak kutsatuta edo berrogeialdian dauden etxeetan. Kasu horietan, berebiziko garrantzia du Udalari horren berri emateak, 669 87 40 22 telefonora deituta.

 

Martxoaren 28tik aurrera, Hernanin artatuko dituzte #Covid19 birusarekin kutsatuta egon daitezkeen herritarrak, 00:00etatik 24:00etara. Medikutara joan aurretik, dena den, telefonoz deitzeko eskatu diete herritarrei. Xehetasun gehiagorako: Usurbilgo Udala. 

 

eLiburutegia, eskura:

Sutegi udal liburutegia itxita egon arren, eLiburutegia martxan da. Zalantzarik izanez gero, udal liburutegikoekin harremanetan jar zaitezkete. Posta elektronikoa:  biblioteka@usurbil.eus