Sortuz, bakardadea isolatuz

Ione Iruretagoiena moda diseinatzailea: "Nire lan prozesua azalduko dut"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 28a, 10:13

Moda diseinatzaile batek nola egiten du lan? Zer nolakoa da bere eguneroko martxa? Zalantza horiek argituko ditu gaurkoan, Usurbilgo Artixtek 19:00etarako sare sozialen bitartez antolatu duten zuzeneko emankizunean. "Moda kolekzio bat lehen pausotik azkenera nola burutzen dudan azalduko dut. Gainera, azken egun hauetan maskarilak egiten nabil buru-belarri, eta nire ideia da hauek nola egiten ditugun azaltzea". 

NOAUA! Nolakoa izango da egingo duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?

Ione Iruretagoiena: Ideia nire lan prozesua azaltzea da. Askotan nire egunero jarduna denez, guztiak jakinaren gainean daudela iruditzen zait, baina ez da hala. Azken batean, guk erakusten duguna, prozesu luze baten azken emaitza da. Beraz, kolekzio bat lehen pausotik azkenera nola burutzen dudan azalduko dut. Gainera, azken egun hauetan maskarilak egiten nabil buru-belarri eta nire ideia da hauek nola egiten ditugun azaltzea. Hala ere, zuzenekoa jendearen eskaeren arabera zuzentzeko asmoa dut.

 

"Ez zait lan egiteko modua aldatu"

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, etxean, nola daramazu egoera hau?

Ione Iruretagoiena: Egia esan momentuz ondo daramat, uste dut asko laguntzen didala normalean ere etxean lan egiteko ohitura izateak. Ez zait lan egiteko modua aldatu.

 

"Ondo datorkigu noizean behin bizi erritmoa mantsotzea"

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein?

Ione Iruretagoiena: Okerrena daramadana lagunekin egoteko aukera ez izatea da. Baina  esan dezaket konfinamenduarekin konturatu naizela etxekoekin lasai egoteko denbora atera behar dudala,  egunero hor ditugunez ez gara konturatzen benetan dugun beharraz. Baina uste dut oso ondo etorriko zaigula noizean behin bizi erritmoa  mantsoagotu eta familiarekin egoteko denbora hartzea. Ez eginbeharrak egiteko, baizik eta denok film bat ikusi, kirola egin edo  karta partida bat jokatzeko. Honi gehitu, lurrean genuen kutsadura nabarmen jaitsi dela eta hori etxean gelditu, enpresak gelditu, kotxe autobus desplazamenduak gutxitu direlako izan da. Hor ere badugu pentsatzeko eta birplanteatzeko gai garrantzitsu bat.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldia sare sozial hauen bitartez jarraitu dezakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz"