Sortuz, bakardadea isolatuz

Iñigo Sasiain: "Zenbait gomendio emateaz gain, 20 minutuko ariketa saioa egingo dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 30a, 09:36

Jarduera fisikoa oso inportantea da. Are gehiago, konfinamendu garai hauetan. Baina nola egin behar dira soinketa ariketak, egokiak eta osasuntsuak izan daitezen? Zalantza horiek argituko ditu gaurkoan, Usurbilgo Artixtek 19:00etarako sare sozialen bitartez antolatu duten zuzeneko emankizunean

NOAUA! Nolakoa izango da egingo duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?

Bi zatitan banatu dut saioa. Hasieran teorikoagoa, non etxean jarduera fisikoa egiteko zenbait gomendio emateaz gain, egun hauetan gure arloari dagokionean leku guztietan ematen ari diren informazio zaparradari kritika eta informazio hau nola tratatu gomendatuko dut. Bigarren zatian ariketa batzuk egingo ditugu denok elkarrekin, 20 minutu inguruko ariketa saioa izango da hau.

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, etxean, nola daramazu egoera hau?

Ba egia esan nahiko ondo daramat nahiz eta denok bezala momentu batzuetan ere animoz baju egon. Nire errutina hartu dut eta unibertsitateko lanak egiten, oposaketetarako unitate didaktikoa garatzen eta nire proiektu txikiekin lanean jarduten naiz egunaren zati handienean. Horretaz gain, gustuko gauzak egiteko ere tartea hartzen dut jarduera fisikoa, irakurri, ...

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein?

Konfinamendutik okerren daramadana etxetik ez ateratzea da, eguraldi zoragarria egin digun bitartean korrika egitera edo bizikletan buelta bat ematera atera ezin izana besteak beste.  Alde onari dagokionean, egunero abiadura handian gabiltzan frenurik gabeko bizitza honen inguruan hausnartzeko balio izatea espero dut. Gainera, inguruko pertsonekin egoteko eta momentu txikiez gozatzeko momentua dela uste dut.

 

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldia sare sozial hauen bitartez jarraitu dezakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".