Sortuz, bakardadea isolatuz

Ugaitz Agirre: "Konfinamenduan zehar idatzitako poemaren bat errezitatuko dut"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 31a, 09:27

Duela hilabete batzuk "Non dago Amaia?" ikuskizuna taularatu zuen Sutegin. Gaur arratsaldeko 19:00etan eskainiko duen saioan bertako poema batzuk errezitatuko ditu. Nobedaderik ere izango da. Ugaitz Agirrek NOAUA!ri adierazi dioenez, poema berriren bat entzuteko aukera ere izango dugu. 

NOAUA. Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Ugaitz Agirre. Azken bilduman sartutako poema batzuk irakurri eta azalduko ditut, hain zuzen 'Non dago Amaia?' ikuskizunaren parte direnak. Horretaz gain, konfinamenduan zehar idatzitakoren bat ere sartuko dut agerraldian.

 

"Ondo daramat konfinamendua"


NOAUA Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 
Ugaitz Agirre. Egia esan nire eguneroko bera ere nahiko antzekoa izan ohi da. Nire gela eta nire lantokia gauza bera dira, beraz alde horretatik aldaketa handirik ez dut sumatzen. Hori bai, Irlandan egiten nenbilen estantzia kolpez eten behar izan dut, baina tira, gerora ere izango dira aukerak horrelakoetarako.
Osotasunean ondo daramat konfinamendua tesiarekin buru-belarri, irakurriz, idatziz, hizkuntzak ikasten... Ahal den neurrian denbora aprobetxatzen.

 

 

"Gauzak azkarregi ahazteko joera izan ohi dugu"


NOAUA Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Ugaitz Agirre. Nik uste dut inoiz imajinatuko ez genituen mugak jarri dizkigutenean, gauzak beste era batera ikusteko beharra sentitu dugula. Balkoietan ikus daitezkeen jarrera positiboak, whatsapp bidez-eta jasotzen ditugun bideo imajinatiboak edota ekimen hau bera. (Alde txarrik ere sortu du jendearen jarrerei dagokionean, hori ere ez da ahaztu behar). Poztuko nintzateke amaitzean jarraituko balute sortutako harremanek, baina gauzak azkarregi ahazteko joera izan dugu orain artean eta ez dakit presentismo hori ere ez ote den gailenduko denborarekin.

 

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldia sare sozial hauen bitartez jarraitu dezakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".