Sortuz, bakardadea isolatuz

Olatz Allur: "Oso kanta ezagunak joko ditugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 3a, 09:03

"Ez gaude kexatzeko moduan", adierazi digu Olatz Allurrek. "Hiru anai-arreba izanik, ez dago aspertzeko denborarik gure etxean". Gaur, hain zuzen, hirurak batera kantari arituko dira Usurbilgo Artixtek antolaturiko zuzenekoan. "Kamararen bestaldekoek gurekin kantatu eta entretenitzea da gure helburua".

NOAUA! Gaur zuzeneko kontzertua eskainiko duzue sare sozialen bitartez. Nolakoa izango da ekitaldia? Zerbait aurreratzerik?

Olatz Allur: Hiru anai-arreben “kontzertu” moduko bat izango da, oso informala, etxean kamararik gabe egiten ditugun horien estilokoa. Oso kanta ezagunak joko ditugu eta gure helburua kamararen bestaldekoek beraien etxeetan gurekin kantatu eta entretenitzea da. 

 

"Faltan botatzen dugu kalera irtetea"

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk Olatz, nola daramazu egoera hau? 

Olatz Allur: Egia esan, ez gaude kexatzeko moduan. Hiru anai-arreba izanik, ez dago aspertzeko denborarik gure etxean. Faltan botatzen dugu kalera irtetea noski, baina oraingoz nahiko ondo daramagu itxialdia.

 

"Lehen ezinezkoak planak egiten ari gara"

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?

Olatz Allur. Lagunak eta senitartekoak ezin ikustea da dudarik gabe okerrena. Nahiz eta bideo-deiak egiten ditugun, faltan botatzen ditugu hirurok. Bestalde, ez gara oso etxezaleak eta gogorra egiten zaigu etxean geratzea eguraldi ona egiten duenean batez ere. Honen guztiaren alderik onena, lehen ezinezkoak ziren planak egiten ari garela, familia osoa sofan pelikula bat ikusten, esaterako.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldia sare sozial hauen bitartez jarraitu dezakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".