Koronabirusa

"Positiboen kopurua igo egin da, baina kutsatutakoen portzentajea gero eta baxuagoa da"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 1a, 16:43

Euskadin 518 positibo berri izan dira eta, guztira, 6.838 pertsona daude Covid19 birusarekin kutsatuta. Detekzio goiztiarra areagotzeko "16.990 proba egin dira dagoeneko, horietatik 1.532 atzo bertan". Mikel Sanchez Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren esanetan, "orain arteko kopururik handiena".

Osasun krisia hasi zenetik hona, 6.838 pertsona kutsatu dira orain arte. Horietatik 1.908 ospitaleratu egin dituzte. Hildakoak, oraingoz, 369 lagun dira (atzo baino 44 gehiago). Osatutakoak, berriz, 2.165.

Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sanchezek eskaini ditu datuok, Eusko Jaurlaritzak Covid19aren bilakaeraren berri emateko egunero eskaini ohi duen prentsaurrekoan.

Lurraldeka, honela banatuta dago kutsatutakoen kopurua: 

  • Araba: 250 kasu zenbatu dira (horietatik, 369 ospitaletan daude).
  • Bizkaia: 382 pertsona (1.179, erietxeetan)
  • Gipuzkoa: Positiboen kopurua 1.206 da (horietako 360 ingresatuta).

 

Test kopurua handitu egin da

Euskadin izurritea geldiarazteko egiten ari den ahalegina bi norazkoa dela adierazi du Osasun Saileko ordezkariak:

  • Batetik, detekzio goiztiarra areagotzeko, "dagoeneko 16.990 proba egin direla; horietatik 1.532 atzo bertan, orain arteko kopururik handiena", hedabideen aurrean adierazi duenez. "Honen ondorioz, positiboen kopurua igo egin da, baina kutsatutako pertsonen portzentajea, berriz, gero eta baxuagoa da; hau da, proba egindako 10 pertsonatik 7k negatiboa eman du. Horrez gainera, ospitaleratuen kopuruak ere behera egin du". Hortaz joera aldaketa baten zantzuak daudela nabarmendu du.
  • Bestetik, osasun sistema izurritearen garapenera egokitzeko ahalegina nabarmendu du, momentu bakoitzean ahalik eta erantzun egokiena bilatuz. "Osakidetzako ZIU unitateko oheen handitzea, garaian garaiko beharrei erantzuteko". 

 

Gomendioak ondo gogoan hartu

Gauzak bere onera bueltatzeko asmoarekin, isolamendu neurriak betetzearen eta emandako gomendioak jarraitzearen garrantzia azpimarratu du:

  • Eskuen garbiketa zorroztea,
  • Gainazalak garbitzea.
  • Eta isolamendu neurriak betetzea.