Koronabirusa

Autonomoei eta enpresa txikiei hobariak aplikatuko dizkie Foru Ogasunak

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 2a, 16:06

Ekainaren 1era atzeratuko du urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazioak eta BEZ aitorpenak aurkezteko epea. Bestelako zerga betebehar batzuk ere geroratu egin ditu Foru Ogasunak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainaren 1era atzeratu die urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko epea "autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei, baita eta beste zergadun talde batzuei ere, irabazi asmorik gabeko elkarteak esaterako". Honela, zergadunen kolektibo honek BEZaren eta PFEZaren atxikipenen lehen hiruhilekoko ordainketak atzeratu ahal izango ditu.

 

"Neurriak 225 milioi euroko bilketa atzeratzea ekarriko du"

Covid-19 gaitzak sortu duen egoerak zailtasunak eragin dizkie lurraldeko eragile ekonomikoei. Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, "225 milioi euroren zerga bilketa atzeratzea ekarriko du". Honekin batera, eta aipatutako kolektibo hauekin jarraituz, "foru erakundeak ekainaren 1era arte luzatu ditu baita ere honako zerga betebeharrak: aurkezpen epea martxoaren 14tik ekainaren 1era bitarte luzatuko da aitorpen informatiboak eta laburtzaileak aurkeztea; eta aurkezpen epea martxoaren 14tik ekainaren 1era bitartera bitarte luzatuko da autolikidazio eta aitorpen ez-aldizkakoak aurkeztea", gipuzkoa.eus web orrialdean irakurri dugunez.

 

800.000 euro, Txoke Plana indartzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 791.000 euroko diru partida onartu zuen aurreko asteartean, gizarte politika arloan martxan duen Txoke Plana indartzeko. Neurri honek "arreta psikologikoa, garbitegi zerbitzuak, garbiketa intentsiboak eta material berriaren erosketa ditu helburu". Eider Mendoza foru bozeramaileak aditzera eman zuenez, "Txoke Planak, bere bigarren lan lerroan, krisiari aurre egiteko zentro ezberdinetan beharrezkoak diren baliabideen balorazio eta hornidura egitea aurreikusten du, eta honi erantzuten dio gaur onartu dugun erabakiak”.