Sirenak-hotsak, “dioxina eta beste toxiko batzuen isurketa salatzeko”

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 5a, 07:33

Martxoaren 31n erraustegia martxan izan zela salatu dute. "Funtzionatzeko baimenik gabe". Horretaz gain, Zaldibarko industria-hondakinak aurrerantzean Zubietara garraiatuko dituzten beldur da Usurbil zein Lasarte-Oriako herri ekimena. Hau guztia salatzeko protesta ekintza bat iragarri dute gaurko. 

Lasarte-Oria eta Usurbilgo herri ekimenaren esanetan, "egoera larriagotzen ari da". Zaldibarko zabortegira garraiatzen ziren industria-hondakinak aurrerantzean Zubietan erreko dituzten susmoa dute. Kezka horrek oinarri hau du: Martxoaren 13ko EHAA (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria). Bertan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen kontseilariaren agindu bat dator, gai honi lotuta dagoena. Esteka honetan duzue aipaturiko agindua: EHAA

Erraustegiaren aurkako herri plataformaren esanetan, “erraustegia abiarazte-fasean da, erredimendu osoan funtzionatzen hasi aurreko fasean. Martxoaren 31n zabaldu zen bideoan oso ondo ikusten dira isurketa itzelak". Bideo hori bera da albiste honetan jaso duguna. Legez kanpo ari direla diote plataformako kideek. “Zer da-eta koronabirusaren krisi betean, eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Confebask patronalarekin adostu du industria-hondakinak EAEko erraustegietara bideratzea? Zeinetan Donostiakoa dagoen, oraindik funtzionatzeko baimenik gabe?”, galderok luzatu ditu gaur igorri duen prentsa-oharraren bitartez. 

 

Kontrolik gabeko isurketak

Erraustegiaren aurkako talde ezberdinek behin eta berriro nabarmendu izan duten moduan, “txosten zientifikoekin egiaztatu da erraustegiak kutsatzaile organiko jarraikiak isuriko dituela eta beste substantzia oso toxikoak ere bai, minbizi eta mutazio sorrarazleak, giza ugalkortasunari eragiten dizkiotenak”. Haietako asko kontrolik eta isurtze mugarik gabe aireratuko dituztela diote Lasarte nahiz Usurbilgo herritar hauek, “esaterako, hidrogeno zianuroa, naziek gas-ganberetan erabiltzen zutena eta poliuretanoa erretzean sortzen dena”.

Dioxinei dagokienez, “isurketak hiru hilabeteko epean, sei ordutan baino ez dira neurtuko. Urtean 24 orduz bakarrik. Gainera, enpresa kontzesiodunak egingo du neurketa, ez Administrazioak, eta inoiz ez gehien isurtzen den epealdietan”.

 

Igande eguerdian, “osasun alerta”

Hau guztia salatzeko, sirena-hotsak pizteko deia egin dute. “Apirilaren 5ean igandea, eguerdiko 12:00etan, bost minutuz”. Datozen egunetan ere, “konfinamenduak iraungo duen egunetan, Gipuzkoako herrietan hegazkinen aurkako alarmen soinu aztoragarria entzungo da. Dioxina eta beste toxiko batzuengatiko osasun alerta izango da, Gipuzkoako erraustegiak konfinamendu betean isurtzen dituenak”.

Honen harira, herri mugimendu honek gogora ekarri nahi du Europako Batzordeak finantza-jarduera jasangarrietatik kanpo utzi dituela erraustegiak, “haiek bateraezintzat jotzen dituelako ekonomia zirkularrarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin”.

Web orri honetan, sirena-hotsa deskargatzeko moduan ipini dute: sirena-hotsa.