Sortuz, bakardadea isolatuz

Natali Izagirre: "Abesti berriak sortzen aritu naiz egunotan"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 17a, 13:08

Natali Izagirreren kontzertua aurreko asterako zegoen iragarria. Hainbat kultur eragilek ordea, 48 orduko greba deitu zuten Natalik zuzenekoa eskaini behar zuen egunean. Astebete beranduago, gaur da hitzordua. 19:00etatik aurrera, Usurbilgo Artisten sare sozialetan arituko da. "Kanta batzuk abestuko ditut gitarrarekin eta pianoarekin". 

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Natali Izagirre. Oraindik ez daukat guztiz argi zer egingo dudan zehazki, baina kanta batzuk abestuko ditut gitarrarekin eta pianoarekin. Seguruenik nire kanta batzuk joko ditut eta gero bertsio batzuk baina ezin dut gehiago aurreratu, nik neuk ere ez baitaukat argi oraindik.

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 
Natali Izagirre. Uste baino hobeto daramat, egia esan. Lehen astea egin zitzaidan gogorrena eta handik aurrera normaltasun osoz bizi ditut egunak. Batzuetan konfinatuta gaudela ere ahaztu egiten zait. 
Egoera errazago eramateko, errutina berria jarri nion neure buruari: egunero goiz xamar jaiki (iratzargailuarekin) eguna aprobetxatzeko, kirol pixka bat egin, unibertsitateko lanak aurreratu, lagunekin hitz egin, kantatu, familiarekin egon...
Etxean egonda ere mila gauza egin ditzakegu eta nik uste beti egin nahi izan dugun baina denboragatik egin ezin izan dugun hori guztia egiteko aprobetxatu behar dugula: etxea txukundu, armairuan garbiketa egin, hizkuntza bat ikasi, instrumentu bat jo... Orain da momentua hori guztia egiteko eta batez ere familiarekin egoteko.

 

"Faltan botatzen dut larunbateko poteoa eta afaria"


NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Natali Izagirre. Okerren daramadana lagunekin ez egotea da. Faltan botatzen dut larunbateko poteoa eta afaria. Asteko momenturik onena zen, egin beharreko guztiak ahaztu eta ondo pasatzekoa. 
Eta alde ona, agian familiarekin egon ahal izate hori. Egunerokotasunean presaka bizi gara eta ez dugu denbora hartzen elkarrekin egoteko, gauzak kontatzeko, mahai jokuetan ibiltzeko edo elkarrekin sukaldatzeko adibidez. Konfinamenduari esker, lotura hori sendotzen ari garela uste dut, nahiz eta elkarrekin 24 orduz egoteak liskarrak ere sortzen dituen, kar kar kar.
Bestela, lehen aipatutakoa, errealitatetik aldendu eta egiteko geneuzkan gauza horiek guztiak egiteko denbora eta aukera dago. Nik behintzat asko baloratzen dut denbora eta normalean sobran izaten ez dudanez, pozik nago gauza berriak egiteko aukera izateagatik.

 

Kantu berriak sortzen


NOAUA! Sortzeko denbora gehiago dago, berez. Dagoeneko kantaren bat sortzeko aukera izan al duzu?
Natali Izagirre. Bai. Konfinamenduaren lehen edo bigarren astean “Metroak” izeneko kanta sortu nuen, etxean egon behar hau alaitzeko asmotan. Amak bultzatu ninduen horretara. Mundu guztia kantak egiten ari zela eta ea nik oraindik nola egin ez nuen galdetzen zidan. Une horretan bertan nire burua sortzen hasi zen eta pianoan jarri nintzen. 10 bat minututan egina nuen kanta. Egia esan, oso sinplea da baina gustatzen zait.
Horrez gain, abesti berriak sortzen ere ibili naiz eta jada sortuak nituen horiei letra jartzen eta buelta batzuk ematen ere jarri naiz.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldia sare sozial hauen bitartez jarraitu dezakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".