Sortuz, bakardadea isolatuz

Haritz Harreguy: “Oso arratsalde politak pasa ditugu gaurkoa prestatzen”

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 13a, 11:32

“Usurbilgo Artixtek kontzertu bat eskaintzeko proposamena egin zidaten. Gu oso ikusiak gaude, ordea”. Haritz Harreguy eta bere familia Kale Nagusia 10eko etxebizitzetan bizi dira eta hainbat saio egin dituzte bertako patioan. Horrelakoren batekin zuzeneko bat egin zitekeela pentsatu zuen eta horixe da gaur eskainiko dutena. 

“Gu hirugarren pisuan bizi gara eta Ixak Arruti eta bere familia bigarrengoan. Seme-alabarekin batera hasi ginen kantaren bat edo beste begiratzen. Bapatean inguruko etxebizitzetako jendea hasi zen ateratzen eta guregana hurbiltzen. Gure komunitatea irekia da eta lau blokeetako auzotar batzuk eskaileretatik gure aldera hurbildu ziren, beti ere distantziak mantentzen. Polita izan zen”. Ensaiatzen aritu zirela esan digu Harreguyk, “amaitu genuenean ordea, Ixakek: bihar 19:00etan hemen egongo gara berriro!”. Eta biharamunean jende mordo bat atera zen.

 

Amaitzeko, bertsoak

Egunotan jende gehiago batu da taldera, hortik gaurko emanaldiari begira hautatu duten izena: Kale Nagusia Rock. “Alaznek saxofoia jotzen du, beste neska gazte batek –gure alabarekin batera Abesbatzan abesten duena– biolina jotzen du, Aitor Heletaren ume txikiak gitarra ikasten ari dira eta beraiek ere animatu ziren”. Taldekide bakoitzak bere ekarpena egin du. “Ze kanta joko luketen eskatu diegu denei eta horrela osatu dugu gaurko emanaldia. Lur Etxeberriak bertso batzuk idatzi ditu eta horrekin bukatuko dugu saioa”.

 

“Gure umeek ere, egunean zehar beste zeregin bat gehiago izan dute: letrak prestatu, ensaiatu behar... Oso polita izaten ari da”

 

Hortaz, bizilagunekin batera osaturiko errepertorio bat eskainiko dute gaur arratsaldean. “Egia esan, oso arratsalde politak pasa ditugu hau dena prestatzen”, adierazi digu Harreguyk. “Gure umeek ere, egunean zehar beste zeregin bat gehiago izan dute: letrak prestatu, ensaiatu behar...”. Gaurko kantutegia dagoeneko auzotar denen eskura dago. “Kopiak badituzte eta alde horretatik polita izaten ari da gure artean sortu den giroa”.

Gaurko saioaren ondoren ez pentsa Kale Nagusia 10eko etxeetako happening-ak amaituko direnik. “Gaurkoa eta gero, errepertorio berri batekin hasteko gogoz gaude”, aitortu digu Haritz Harreguyk.

 

Mikel Laboaren Txoria txori: