Sortuz, bakardadea isolatuz

Irati Ibargoien: "Osasun ezagutza praktikoak partekatzea da nire helburua"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 14a, 08:00

Irati Ibargoien fisioterapeuta da. Gaur arratsaldean Usurbilgo Artixten txokoan eskainiko duen saioa ez da ariketa sorta bat izango. "Ariketa bakoitzaren erabilera eta onurak azalduko ditut, norberak behar dituenean egin ditzan, eta ez bakarrik konfinamendu garaian".

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Irati Ibargoien. Kokatzen joateko esan, Irati Ibargoien Fisioterapia-Osasuna zentroko sortzaile eta fisioterapeuta naizela. Oraingo honetan publiko osoari edo gehiengoari zuzendua izango da eskainiko dudan saioa, nahiz eta ni ez nagoen horretara ohituta, pertsonalizatzera baizik.  Eskainiko dudan saioa ez da besterik gabe ariketa saio bat izango, ez da nire helburua behintzat. Ariketa bakoitzaren erabilera eta onurak azalduko ditut, norberak behar dituenean egin ditzan, eta ez bakarrik konfinamendu garaian. Osasun ezagutza praktikoak partekatzea da nire helburua.

 

"Ezin dugu lan presentzialik gauzatu"


Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 
Irati Ibargoien. Arraroa da egoera, baina momentuz osasunez ondo nagoelarik uste baino hobeto daramadala esango nuke. Etxetik saiatu arren lanen bat aurreratzen, gure lana guztiz presentziala denez inpotentzia ere sentitzen dut, badakidalako hainbat pazientek (post-operatorioak / pre-operatorioak/ erditzeko gutxi geratzen zaien familiak...) behar handia  dutela gure saioak jasotzeko baina egoera honen aurrean, eta inolako babesik gabe, ezin dugu lan presentzialik gauzatu.

Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke? 
Irati Ibargoien. Okerren daramadana, jende desberdinarekin momentuak konpartitzea egunero, bai lanean bai arlo pertsonalean jende desberdin askorekin egoten naiz egunero, pazienteak direla, pilateseko ikasleak, kuadrilakoak, dantzakoak.... Egun osoa pasatzen dut jende artean eta batzuetan astuna egin badaiteke ere, nahiago dut horretara itzuli! Horretaz konturatzea ona dela esango nuke.

 

Sortuz bakardadea isolatuz

Usurbilgo Artixtak taldeak 'Sortuz bakardadea isolatuz' ekimena jarri du martxan. Gaur Irati Ibargoien fisioterapeutaren txanda izango da. 19:00etatik aurrera, sare sozial hauetan ikusiko duzue Iratiren zuzenekoa:

Facebook: @usurbilgoartixtak 

Instagram: @sortuzbakardadeaisolatuz