Sortuz, bakardadea isolatuz

Ainara Urdanpilleta: "Mindfulness-aren funtsa azalduko dut ariketa praktiko batzuen bitartez"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 15a, 08:00

Psikologoa ofizioz, Ainara Urdanpilleta Irati Ibargoien fisioterapeutaren lankidea da. Bihar arratsaldean eskainiko duen saioan "erraminta txiki batzuk emango ditut", adierazi digu Ainarak. "Mindfulness-aren funtsa eta ariketa praktiko eta erraz batzuk azalduko ditut". 

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Ainara Urdanpilleta. Psikologiaren alorretik, erraminta txiki batzuk emango ditut. Hain zuzen ere, mindfulness-aren funtsa eta ariketa praktiko eta erraz batzuk azalduko ditut, nahi duenak bere egunerokotasunean egin ahal izan ditzan. Gorputza zaintzea ezinbestekoa den bezala, gure burua eta bertan gertatzen diren prozesuez kontziente izateko ariketa batzuk ezagutaraztea da helburua. Beti, eta are gehiago isolamendu honetan, sumatzen ditugun pentsamendu eta emozioen gorabeherak ulertu eta erregulatzen ikasteko sarrera bat izango da. Guztiak baitira gureak: emozio positiboak eta baita gutxiago gustatzen zaizkigun emozio negatiboak ere. Ikas dezagun denak onartzen eta denei aurrez aurre begiratzen.

 

"Hobby asko ditudanez, entretenituta nago"

NOAUA! Maila pertsonalean, nola bizi duzu konfinamendu garaia?
Ainara Urdanpilleta. Nik orohar nahiko ondo daramat. Ingurukoak osasuntsu daude eta hori da garrantzitsuena. Hala ere, esango nuke batez ere emozioen aldetik nahikoa gorabehera nabaritzen dudala. Egun berean ere... emozio zeharo kontrajarriak sentitzeraino. Bestetik, etxean hobby asko ditudanez, entretenituta nago. Baina nahiz eta ondo egon, alerta egoera batean gaude. Ezin da errealitatea ukatu. Eta gorputzak hori sentitzen du era batera edo bestera.

 

"Indartuago ateratzeko aukera paregabea dugu"


NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Ainara Urdanpilleta. Okerrena, nere eta nere senideen proiektuak, ilusioak... bertan behera geratzea. Dena eten da bapatean eta ez dakigu noiz hartuko duen bere martxa berriz.
Alde ona: arazo kolektibo bat den heinean, konturatzea zer nolako zortea dugun osasuntsu gaudelako eta baliabideak ditugulako. Ondoan genituen gauzei eta pertsonei dagokien balioa ematea, elkarbizitzan sendo eta lagunkoi izatea, barruko ahuleziak eta baliabide pertsonalak hobeto ezagutzea... Alde on pila ikusten ditut. Norbera indartuago ateratzeko aukera paregabea.

 

 

Sortuz bakardadea isolatuz

Usurbilgo Artixtak taldeak antolaturiko 'Sortuz bakardadea isolatuz' ekimenaren baitan, gaur Joseba Larratxe marrazkilariaren txanda. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, sare sozial hauetan ikusiko duzue Larratxeren zuzenekoa:

Facebook: @usurbilgoartixtak 

Instagram: @sortuzbakardadeaisolatuz

 

Bihar Ainara Urdanpilleta psikologoaren ordua izango da.