"Espetxeetako bizi baldintzak askoz gogorragoak dira orain"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 17a, 11:16

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da gaur (apirilak 17). Bizi dugun pandemia betean egokitu da aurtengoa. "Ondorioek gure egoera okertu dute", salatu du Etxerat-ek. Bat dator baita Mari Karmen Anza. Alaba Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak espetxealdiaren hiru laurdenak beteak izan arren, aske behar zuten aspaldi. Baina pandemiak bizi baldintzak okertu dituen kartzelan segitzen dute preso.

“Gogorra izaten ari da”. Hala adierazi zuen hunkituta, Olatz Lasagabasterren ama Mari Karmen Anzak ETB-ren astearteko “Ur Handitan” saioan eskaini zuen elkarrizketan. Gurasoekin egon nahi duen Xua bilobarekin bizi da. Espetxealdiaren hiru laurdenak beteta aske behar zuten arren, 2021eko ekainerako dute irteera data Olatzek eta Patxik. Otsailean Valentziako Picassentetik Madrilgo Aranjuezeko espetxera lekuz aldatu zituzten.

Covid19-aren eragina bizitzen ari dira egun. “Baldintzak askoz gogorragoak” direla dio Anzak. Preso dituen senideen edozein eskaerari ezezkoa ematen dietela, edo ez dute erantzunik jasotzen. Olatz haurdun dago, uztaila amaieran jaioko da haurra. “Ia arroparik gabe dago”, bere amaren esanetan, Picassenteko espetxetik apenas eman dieten eta arroparik. Espetxeko funtzionario bati koronabirusa martxoaren 5ean diagnostikatu ziotenetik ezin izan du bisitarik jaso Olatzek, Patxik konfinamendua hasi zenetik. “Bisitatu ezina oso gogorra da eta oso gaizki pasatzen da”, Mari Karmenen esanetan. Olatz eta Patxi elkarren artean elkarrekin komunikatu eta egon ezinik dabiltza gainera.

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna
Apirilaren 17a, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da. Etxerat-ek munduko preso politiko guztiei eta haien senideei "gure maitasuna, gure elkartasuna eta etorkizunerako itxaropen mezua helarazi nahi diegu, denok lanean jarraitzen baitugu. Etxean eta bizirik nahi ditugulako". Pandemia betean gauden honetan, "ondorioek gure egoera okertu dute; gure senideak ez bisitatzearen mina ezagutzen dugu, haien osasunarekiko kezka, gaixotasunari aurre egiteko espetxeko baldintza txarrek ekar ditzaketen ondorioengatik beldurra". 

Muturreko egoera honetan, presoen osasuna babestea helburu duten premiazko neurri eraginkorrak hartzea ezinbestekotzat jotzen du Etxerat-ek. "Dispertsatuta, urrunduta, haien izaera suntsitzeko sortutako salbuespen neurrien menpe, preso politikoentzat eginiko espetxe erregimenetan pandemiari aurre egitera behartuta daude gure senideak, berez espetxeko edozein erregimen baino gizatasun gutxiagorekin, ankerragoa, eskubide urraketa gehiagorekin". 

Presoei idazteko deia
Xuarekin batera etxean behar zuten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoei idaztera animatzen dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, baita Ernai Usurbilek ere. “Biderkatu dezagun elkartasuna! Etxean nahi ditugulako, maite ditugulako. Argitu ditzagun ziega ilun horiek elkartasun hitzez! Idatzi presoei!”, luzatu dute gonbita Ernaitik. Aranjuezeko espetxean dira Olatz eta Patxi:

Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario Madrid VI-
Modulo F2
Carretera N-400, km 28
28.300 Aranjuez (Madrid)

Patxi Uranga Salbide 
Centro Penitenciario Madrid VI-
Modulo 1
Carretera N-400, km 28
28.300 Aranjuez (Madril)