Sortuz, bakardadea isolatuz

Elene Alustiza: "Gitarra beti izan da berezia niretzat"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 25a, 09:16

Elene Alustizak txikitatik izan du musikarako zaletasuna. Gaur zuzenean arituko da 'Sortuz bakardadea isolatuz' zikloaren baitan. "Kanta ezberdinak joko ditut. Denetarik egongo da, adin ezberdinetako jendeak ondo pasa dezan". Usurbilgo Artixten ekimenean orain arte parte hartu duen artista gazteena da Elene. 

NOAUA! Noiz hasi zinen musika ikasten? Eta zein da zure gustuko instrumentua?
Elene Alustiza. Txikitatik musika asko gustatu izan zait. Zumarte Musika Eskolan hasi nintzen ikasten 7 urte inguru nituela eta bertatik dator nire musikarekiko zaletasuna. Nire bizitzan zehar instrumentu ezberdin asko ikasi ditut, hala nola, trikitixa, zeharkako flauta, panderoa... Baino txikitatik gustatu izan zaidan instrumentua gitarra izan da, eta jada urteak daramatzat gitarraz gozatzen. Azkenaldian, pianoa ikasten ibili naiz baita ere, eta gitarra bezainbeste gustatzen zaidala konturatu naiz. Baina gitarra beti izan da berezia niretzat.

NOAUA! Nolakoa izango da gaur eskainiko duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?
Elene Alustiza. Ez nago ohituta horrelako agerraldiak egitera, beraz apur bat urduri nago. Baina espero dut jendeak nirekin batera gozatuko duela. Kanta ezberdinak joko ditut. Denetarik egongo da, adin ezberdinetako jendeak ondo pasa dezan.

 

"Faltan botatzen du lagunekin egotea"


NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Elene Alustiza. Orokorrean, espero nuena baino hobeto daramat, baina faltan botatzen dut lagunekin batera egotea egunerokotasunean. Familiarekin aldiz, inoiz baino denbora gehiago pasatzen ari naiz. 

NOAUA! Sortzeko denbora gehiago dago, berez. Dagoeneko kanta berriren bat egiteko aukera izan al duzu?
Elene Alustiza. Kantak sortzeari dagokionez, nahikoa berria naiz. Doinu berri asko ditut buruan baina letrak sortzea zaila egiten zait. Baina egia da kantaren bat edo beste egina dudala.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da Elene Alustizaren kontzertua. Sare sozial hauetan ikus ahal izango duzue zuzenekoa:

Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean.

Instagramen, @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.